EAEk eta Nafarroak harremanak "areagotuko" dituzte

Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu
Europa Press
Actualizado: miércoles, 4 mayo 2016 13:20

GASTEIZ, 4 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoak bien arteko lankidetza protokolo bat sinatuko dute erkidegoen artean jada ezarritako lankidetza oinarriak "sendotzeko eta areagotzeko", interes komuneko arloetan kudeaketa eta zerbitzu ematea hobetzea xede dutela.

   Asteartean onartu zuen akordio hori Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluaren bileran, eta asteazken honetan eman dio oniritzia Nafarroako Gobernuak. Bada, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernukoak datorren astean sinatuko dute lankidetza protokoloa, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Gasteizen iragarri duenez.

   Erkorekak gogorarazi du EAEk eta Nafarroak, kidetasun historiko, linguistiko, turistiko eta soziokulturalak direla medio, "harreman berezia" dutela aspalditik, bai eta "lankidetza tradizio luzea" ere. Horrenbestez, kulturaren eta hizkuntzaren arloetako erakundeen sorreran eta garapenean elkarlanean aritu izan dira, eta sektore akordioak egin dituzte hainbat arlotan. Orain onartutako akordioaren xedea bi erkidegoen arteko elkarlana eta lankidetza areagotzea da, eta 2009ko uztailean izenpetutakoa ordezkatuko du.

   Protokolo horren babesean, Euskadiko eta Nafarroako gobernuek, bere eskumeneko arloetan, kudeaketa eta zerbitzu ematea hobetzera bideratutako lankidetza politika aktiboa sustatzeko konpromisoa hartu dute. Horretarako, hainbat jarduera egingo dituzte: proiektu partekatuak bultzatzea; bi lurraldeetako herritarrei emandako arreta hobetzeko ekintza komunak gauzatzea; bi aldeen arteko komunikazioak eta gainerako erkidegoekin dituztenak hobetzeko azpiegiturak sustatzea; informazioaren eta komunikazioaren teknologia garatzea, informazio trukea errazteko; eta bi erkidegoetako profesionalen arteko esperientzia trukea sustatzea eta horiei baterako prestakuntza jarduerak eskaintzea.

   Lankidetza mekanismo horiek arlo hauetan aplikatuko dira: Gizarte zerbitzuak; Berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria; Osasuna eta kontsumoa; Gazteria eta kirola; Hezkuntza eta kultura; Hizkuntza politika; Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak; Babes zibila eta segurtasun publikoa; Ingurumena, klima aldaketa eta lurralde antolamendua; Toki administrazioa; Turismoa; Nekazaritza eta landa garapena; Komunikazio eta garraio azpiegiturak; Funtzio publikoa; Administrazio elektronikoa eta zerbitzu publikoen funtzionamenduaren hobekuntza; Espezializazio adimentsuaren estrategia eta garapen ekonomikoko faktoreak; Justizia Administrazioa; eta Ogasuna eta finantza politika.

EITB NAFARROAN

   Bestalde, protokoloan jasotakoaren arabera, bi gobernuek "beharrezkoak diren izapideak" egiteko konpromisoa hartu dute, EiTBren edukiak "normaltasun osoz" emititu ahal izateko Nafarroako Foru Erkidegoan.

   Euskal Irrati Telebistak, Espainiako Industria Ministerioaren agindua betez, osteguntik aurrera Nafarroan emititzeari uzteko hartu duen erabakiari buruz galdetu diote Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekari protokoloa aurkezteko prentsaurrekoan.

   Erkorekak erantzun du ez dagoela eragozpen teknikorik ETBren kateak Nafarroan emititzeko, eta Jaurlaritzak lanean jarraituko duela Nafarroako Gobernuarekin EiTBren emisioak normaltasunera itzultzeko foru erkidegoan; izan ere, nahi hori adierazi dute nafarrek ikus-entzuleen gaineko azterlanetan, baita Nafarroako Parlamentuak ere. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, beraz, emisioak bertan behera uztea "aldi baterako kontua" izatea espero du.