EAEko 107 enpresek lehiakortasuna hobetu dute, Eusko Jaurlaritzaren Ekoeraginkortasuna Programari esker

Actualizado: viernes, 8 abril 2011 16:59

BILBO, 8 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 107 enpresek beren lehiakortasuna hobetu dute beren ekoizpen sistemetan ingurumen irizpideak integratuta, Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programari esker. Programa hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2010eko urrian martxan jarritako lankidetza publiko-pribatua bultzatzen duen ekimen bat da, Ihobe sozietatearen laguntzaz bideratua, eta EAEko enpresei zuzendutako zenbait ingurumen zerbitzu eskaintzen ditu.

Programako kide egin diren enpresen artean daude Iberdrola, Gamesa, Vicinay, Ormazabal, ITP, Kutxa, Mondragon Korporazioa (MCC) edo Danobat. Halaber, klusterrak edo EAEn eragin handia duten eskualdeko garapen agentziak ere kide bihurtu dira, hala nola Aclima edo Garapen. Aipatutako erakundeez gain, beren enpresa estrategian ingurumen irizpideak erabiltzen hasi den ETE/Mikroete multzo bat ere atxiki zaio sare horri.

Era honetan, Ekoeraginkortasuna Programaren arduradunen arabera, 2010-2014 eperako ezarritako %10eko xedera iritsi da egitasmoan parte hartzen duten enpresen kopuruari dagokionez. Bestalde, Ihoberen eta zenbait enpresa kolaboratzaileren artean lortutako lankidetza-hitzarmenei esker, urte amaieran kide bihurtuko diren 400 erakunde baino gehiagora iritsiko dela uste da.

Ehundik gora enpresa horiek hartutako konpromisoei dagokienez, inbertsioak egingo dira eskuragarri dauden teknikarik onenetan, produktuen ekodiseinuan, ingurumen irizpideez eraikitako eraikuntzetan edo EAEko enpresa hornitzaileei zuzendutako ingurumen-trakzioan. Guztien helburu komuna zera da: lehiakortasuna igotzea produktibitatea hobetzearen eta kostua murriztearen bidez, eta, halaber, produktua bereiztearen eta profesionalak prestatzearen bidez, sareko lan ingurune batean jardunez.

Ihobek kudeatutako Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programa, enpresekin batera zehaztutakoa, ez da EAEn bakarrik arrakastatsu bilakatu, Europako Batzordeko Ekoizpen eta Kontsumo Jasangarriaren Unitatearen moduko erakundeek ere programaren garapena ezagutzeko interesa agertu baitute.