EAEko 15-29 urteko bost gaztetatik bat lonja edo lokal bateko kidea da

Actualizado: lunes, 3 abril 2017 13:45

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %20,3k dio gazteen lokalen edo lonjaren batean parte hartzen duela, eta %29,6k dio iraganean kide izan zela baina dagoeneko ez dela. Halaber, %49,9k dio inoiz ez dela gazteak biltzen diren leku hauetako kide izan, Gazteen Euskal Behatokiak egindako "Euskadiko gazteak 2016" azterketaren aurrerapen datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jakinarazi duenez, azterketa 15 eta 29 urte bitarteko EAEko 1.500 gazteri egindako inkesta zabal batean oinarrituta dago. Beste hainbat gairen artean, gazteen lonjetako eta lokaletako kide diren eta bertara joaten diren galdetu zaie.

Gaur egun lonjekin lotuta dauden gazteen ehunekoa 2012an erregistratutakoa (%19,5) baino pixka bat handiagoa da. Iraganean bertako kide izan direla diotenen kopurua ere urte hartako kopuruaren gainetik dago. Gaur egun, lonja eta lokal horietako kide direnen artean, 15 eta 19 urte bitarteko gazteak nagusi dira (%28).

Adinak gora egiten duen neurrian ehunekoak behera egiten du. Hala, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean %10,9 da bertako kide. Are gehiago, 20 urtetik aurrerako gazteen artean gehiago dira iraganean bertako kide izan direla diotenak gaur egun direnak baino.

Gainera, alde handia dago gizon eta emakume gazteen artean: 15 eta 29 urte bitarteko mutilen %28,3 lonjaren edo lokalen bateko kide diren bitartean, nesken kasuan %11,9 dira.

Bestalde, 15 eta 29 urte bitarteko zenbat pertsona eta zenbateko maiztasunarekin lonjetara joaten diren aztertuta, EAEko gazte guztien %6,7 egunero edo ia egunero joaten da. Gutxienez astean behin joaten direla dioten guztiak kontuan hartuta, kopuru hori %20,8ra igotzen da. Hori kalkulatu da gazte guztiak kontuan hartuta.

Lonja edo lokal bateko kide direla diotenak bakarrik kontuan hartuta, laurden bat baino gehiago (%28,7) egunero edo ia egunero joaten da lokal horietara, eta %87,2 astean behin, gutxienez. Bertako kide izan arren, gazte gutxi dira astean behin baino gutxiago joaten direnak lonjetara eta lokaletara (zehazki, kideen %6,1). Bestalde, badira lokal edo lonja bateko kide izan gabe lagunen lokaletara nahiko maiz joaten diren gazteak (kide ez direnen %3,9 astean behin, gutxienez).