EAEko 15-29 urteko gazteen erdiak aisia digitala kontsumitzen du egunero

Pertsona bat eskuko telefonoko joko batekin
DISCOVERY - Archivo
Actualizado: jueves, 19 abril 2018 10:39

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren esku dagoen Gazteen Euskal Behatokiak egin duen azterketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %49,6k egunero kontsumitzen du aisia digitala. Kontsumo hori hamar puntu handiagoa da gizonen artean emakumeen artean baino, eta handiagoa da 15-19 urteko gazteenen taldean.

Gazteen Euskal Behatokiak aisia digitalaren adierazlea sartu du bere adierazle estatistikoen sisteman, aisiaren, kulturaren eta kirolaren atalean. Aisia digitalean sartzen dira kontsolekin jokatzea, ordenagailuko edo sakelako telefonoko jokoekin, Youtubeko bideoak ikustea, Internetera bideoak igotzea edo blogetan idaztea.

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak azaldu duenez, "definizio horretatik kanpo utzi ditugu aisiako beste jarduera tradizional batzuk, euskarri digitalean egin daitezkeenak edo euskarri digitalik gabe, besteak beste, musika entzuteko, irakurtzeko edo serieak edo filmak ikusteko zaletasuna".

"Agerikoa da aisia modu horiek zein zabalduta dauden, eta, are gehiago, fitxategiak deskargatu gabe, on line egiteko aukera ematen duten gailuak nagusitu direla kontuan hartzen badugu. Baina nahitaez jokorako gailu digitalak edo Interneteko konexioa behar duten gailu digitaletan zentratu gara. Garrantzitsua da gazteen joerak eta zaletasunak ezagutzea, politika eraginkorrak programatzeko", esan du Gazteriako zuzendariak.

Horrela, adierazle berria osatzen duten jardueren artean, pisu gehien duena Youtubeko bideoak ikustea da, gazteen %43,1ek egunero egiten baitu. Ondoren dator kontsolekin, ordenagailuko edo sakelako telefonoko jokoekin jokatzea, %14,8k aitortu baitu egunero jokatzen duela horrelako bideojokoekin edo eskukoaren aplikazioekin).

"Askoz ere gutxiago dira Internetera egunero bideoak igotzen dituztela diotenak (%2,2), edo egunero blogetan idazten dutela diotenak (%1,7). Kasu guztietan, gizonek aitortzen dute egunero emakumeek baino gehiago kontsumitzen dutela, eta horrek azaltzen du zergatik den aisia digitala handiagoa gizonezkoen artean", azaldu du Añibarrok.

BIDEOAK IKUSI

Azterlanaren arabera, aisia modu horien asteko kontsumoa kontuan hartzen bada, alegia, gutxienez astean behin, euskal gazteen %78,3k astero ikusten ditu Youtubeko bideoak, %38,5ek kontsolekin, ordenagailuko edo eskuko telefonoko jokoekin jokatzen du, %6,3k Internetera astero bideoak igotzen ditu eta %4,9k blogetan gutxienez astean behin idazten du.

Kontsolarekin edo ordenagailuko edo sakelako telefonoko jokoekin jokatzen duten gizon eta emakume gazteen arteko desberdintasunak are agerikoagoak dira asteko kontsumo analisia egin ondoren. Izan ere, aisialdian kontsolarekin edo ordenagailuko edo sakelakoko jokoekin jokatzen duten gizon gazteek bikoiztu egiten dute emakumeen kopurua (%50,7k eta % 25,8k, hurrenez hurren).

Datu horiek guztiak 2016ko lehen hiruhilekoan Euskadin bizi diren 1.500 gazteri eginiko inkesta batean oinarritzen dira. Inkestan gai horri eta gaurkotasuneko beste gai batzuei buruz galdetu zen. Dagozkion desagregazioak dituen adierazlea Gazteen Euskal Behatokiaren adierazle estatistikoen sisteman aurki daiteke, zehazki, aisia, kultura eta kirolaren atalean. Sistema horretan, zenbait gairi buruzko 100 adierazle baino gehiago daude (biztanleria, hezkuntza, lana, emantzipazioa eta etxebizitza, osasuna, aisia, kultura eta kirola eta balioak eta jarrerak).