EAEko 2010eko jaiotzen hazkundearen %70 atzerriko amei zor zaie

2010eko jaiotza gehienak atzerriko amek izan zituzten
Foto: Europa Press
Actualizado: miércoles, 1 febrero 2012 13:57

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2010. urtean izandako 21.159 jaiotzen %70 atzerriko amei zor zaie, Eustatek landutako eta gaur argitaratutako datuen arabera.

   Aipatu bezala, guztira 21.159 haur jaio ziren 2010ean EAEn, hau da, aurreko urtean baino %1,1 gehiago. Atzerriko amen artean hazkundea % 5ekoa izan zen, eta bertakoen artean %0,4koa.

   1976tik aurrera jaiotzek beheranzko joera nabarmena izan dute. Joera hori, dena den, moteldu egin zen 1980ko hamarkadaren amaieran, eta 1994an gertatu zen mailarik apalena. Jaiotzen gorakada txikia hasi zen une horretan, baina gorabeherekin: 1998an eta 2009an beherakadak gertatu ziren berriro ere.

   Lurraldeen arteko banaketa kontuan hartuta, Arabak izan zuen hazkunderik handiena, 3.346 jaiotzarekin eta %3,8ko hazkundearekin; hazkundea txikiagoa izan Bizkaian (%0,6) eta Gipuzkoan (%0,7), 10.598 eta 7.215 jaioberrirekin, hurrenez hurren.

   Jaiotzak mila biztanleko 9,6 izan ziren, 1960ko hamarkadako milako 20 haietatik oso urruti. Kopururik altuenak Araban eta Gipuzkoan gertatu ziren, %10,4 eta %10,3, hurrenez hurren; Bizkaian jaiotzen tasa %9,1 izan zen.

   Bestalde, ama izandakoen talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena izan zenb 2010ean, jaiotza guztien %42,5ekin. Handituz jarraitu zuen 35 urtetik gorako amen taldeak (%36,3); 25-29 urteen artekoenak behera egin zuen (%15,1), 20-24 urteen artekoenak bezala (%4,9). Bizirik jaiotakoen ama nerabeak 268 izan ziren (%1,3).

   Halaber, amen %16 atzerritarrak izan ziren, eta guztira 3.356 haur ekarri zituzten. Jatorriagatik, hauek izan ziren mabarmenenak: 543 ama, Marokokoak; 327, Errumaniakoak; 289, Kolonbiakoak; 273, Boliviakoak; 167, Ekuadorrekoak; 166, Brasilgoak; 155, Aljeriakoak; 129, Txinakoak; 122, Paraguaikoak.

   Emakume atzerritarrak urte gutxiagoekin amatu ziren EAEn, bertakoak baino. Horrela, atzerritarren artean, %54 emakume 30 urte baino gutxiagorekin amatu ziren, eta bertakoen artean, ordea, %15 da portzentajea.

   Bestalde, amen batez besteko adina 32,7 urtekoa izan zen. Bertakoen artean 33,4 urteraino heldu zen batez bestekoa, eta atzerritarren artean, %29,1 izan zen.

   2010ean ezkontzatik kanpoko jaiotzak 6.934 izan ziren, hau da, 2009an baino %6,2 gehiago. Jaiotza horiek guztizkoaren %32,8 izan ziren. Arabak eta Gipuzkoak EAEkoa baino ehuneko txikiagoa izan zuten, %32,7 eta %32,1, hurrenez hurren; Bizkaiak, berriz, balio erlatibo altuagoa izan zuen (%33,2). 1996ko portzentajea (%10,5) eta oraingoa alderatuz gero, ezkontzaz kanpo jaiotakoak hirukoiztu egin dira azken 15 urteotan.

   Jaiotzen hurrenkerari jarraiki, 2010ean lehen jaiotzak %55,4 izan ziren, eta bigarrenak % 36,5. Hirugarren eta ondorengo jaiotzak %8,1 izan ziren. Erditzeak 20.720 izan ziren: horietatik 20.212 bakunak izan ziren, 490 bikoitzak eta 18 hirukoitzak.

   Azkenik, sexuaren araberako banaketan, 2010ean bizirik jaiotakoen artean 100 neskatoko 105 mutiko jaio ziren. Mutikoen batez besteko pisua 3.316 gramo izan zen, eta neskatoena 3.196.