EAEko 30 bat enpresek euskal produktuak daramatzate gaurtik Madrilgo Gourmet aretora

Arabar Errioxako ardoa
Foto: LOURDES CARDENAL / WIKIMEDIA COMMONS
Actualizado: lunes, 5 marzo 2012 11:51

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Euskal produktuak berriro izango dira Madrilen gaurtik ostegunera bitartean ospatuko den Gourmet janari eta edarien 26. aretoan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurraldearen Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Hazi Fundazioak sustatutako standean, Euskadiko elikagaigintza industriaren 30 bat enpresa izango dira, Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

   Bisitari profesionalek sustapen-jarduera berezietan parte hartu ahal izango dute, hala nola 15 bat minutuko iraupena duten zuzeneko sukaldaritzako erakusketetan. Eusko Jaurlaritzaren stand horretan bertan egingo dira erakusketok, eta sukaldari profesionalek errezeta desberdinak prestatuko dituzte, inprobisatzen errazak diren pintxoetatik hasi eta plater landuetaraino, denen ezaugarri komuna lehengaia izanik.

   Gainera, Euskadiren standean azokan parte hartzen duten upategien ardoaren galeria kokatuko da, eta bertan, Arabako Errioxako ardoen, txakolinaren, sagardo naturalaren eta patxaranaren dastatze ugari eskainiko dira, sommelier baten gidaritzapean.

   Eskaintza gastronomikoa askotarikoa izango da, elikagaigintzako sektore guztiek parte hartuko baitute, eta produktu naturaletik hasi eta laugarren eta bosgarren gamako ontziratuetaraino bilduko dituzten aurkezpenak egingo dira.

   Gourmet Klubaren nazioarteko aretoa 1986. urtean sortu zen goi gamako produktuen ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topagune izateko helburuarekin. Europan kalitateko gastronomiaren sektorean erreferentzia garrantzitsuenetako bat den azoka profesional honek jarduera paraleloen programa aberatsa du, hala nola mahai-inguruak, erakusketak, lehiaketak, eztabaidak eta txapelketak.

EUSKO LABEL DENDA

   Eusko Jaurlaritzak Gourmet aretoaren 26. ediziorako aurreikusitako jardueren artean nabarmentzekoa da Eusko Label online dendaren aurkezpena asteartean, martxoaren 6an, goizeko 11:00etan. www.euskolabeltienda.com espazio birtuala kalitate ziurtatua duten Euskadiko produktuen erakusleiho ofiziala izateko helburuarekin sortu da.

   Denda berrian Eusko Label eta Euskal Baserriko produktuak eta bermedun beste marka batzuk aurkitu ahal izango dira, baita Euskadin dauden jatorrizko bost deituren barruan sailkatuta dauden produktuak ere, beren Kontseilu Arauemaileek kudeatuta.

   Plataforma digital hori Hazi Fundazioak kontrolatuko eta kudeatuko du; korporazio hori Itsasmendikoi, IKT eta Kalitatea Fundazioa enpresek osatzen dago, eta euskal zerbitzuak modu orokorrean bateratzeko xedearekin sortu da, lehen sektorearen, elikagaigintzaren, landa-ingurunearen eta itsas bazterraren lehiakortasuna eta iraunkortasuna sustatzeari begira.

IDIAZABAL GAZTA

   Bestalde, Idiazabal Gaztaren jatorrizko deiturak bere 25. urteurrena ospatuko du Eusko Jaurlaritzaren standean asteazkenean, martxoaren 7an, arratsaldeko 13:30ean.

   Erakunde hau 1987. urtean sortu zen latxa ardien eta Karrantzako ardien artzaina eta benetako Idiazabal gaztaren ekoizlea babesteko, eta, bide batez, kontsumitzaileari horren jatorria eta kalitatea ziurtatzeko.

   Gaur egun 500 ganadutegi eta 100 gaztandegi baino gehiago atxikita daude jatorrizko deitura honi, eta gehienek beren ustiapeneko esnea erabiliz ekoizten dituzte beren produktuak. Horien tamainak, edonola ere, artisau erako zainketa ziurtatzen du, bai prestakuntza-aldian eta bai umotze-aldian edo fintze-aldian ere. Esnearen eta gaztearen ekoizpena Hego Euskal Herrian egiten da beti (Erronkari bailaran izan ezik).