EAEko 40 ekoizpen-enpresa baino gehiago izango dira datorren astean XXV. Gourmet Jaialdian, Madrilen

Actualizado: sábado, 9 abril 2011 12:28

BILBO, 9 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 40 ekoizpen-enpresa baino gehiagok parte hartuko dute, apirilaren 11tik 14ra, Madrilen ospatuko den Gourmet Jaialdia - Kalitatezko Elikagai eta Edarien Azokaren 25. edizioan, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jarriko duen erakusmahaian. Gourmet Jaialdia Europako kalitatezko gastronomiaren erreferente den azoka profesionala da.

Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez, bere erakusmahaian ikusgai egongo diren enpresa eta produktuekin batera, sustapen eta ekintza bereziak ere egingo dira, besteak beste, zuzeneko sukaldaritza erakusketak Gamarrako Goi Mailako Sukaldaritza Eskolatik. 15 minutuko zuzeneko erakusketa horietan pintxoak prestatuko dituzte bertako lehengaiekin edo platerak 2011ko Gourmet Jaialdian sustatuko diren Euskadiko IV eta V gametako produktuekin.

Horrez gain, Ardo Galeria ere egongo da euskal erakusmahaian. Bertan, Arabar Errioxako ardoak eta erakusgai egongo diren upategietako txakolina dastatu ahal izango dituzte bisitariek. Sommelier aditu bat egongo da bertan denbora guztian.

Gourmeten Klubaren Nazioarteko Jaialdia orain 25 urte sortu zen, gama altuko elikagaien egile eta kontsumitzaileen topaketa izateko asmoz, baina jarduera-programa zabala eskaintzen du: mahai-inguruak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, eztabaidak eta txapelketak.