EAEko 500dik gora enpresak bilerak izango dituzte SPRIko Kanpo Sarearekin Intergune+ jardunaldian

Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 17:48

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 500dik gora enpresak bakarkako bilerak egingo dituzte SPRI Taldearen Kanpo Sareko ordezkariekin Intergune+ jardunaldiaren barruan, urriaren 4an eta 5ean, Barakaldoko BECen egingo den Euskadiko Nazioartekotzearen Hitzorduan. Bertan izango da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta 70etik gora herrialdetako agente eta aholkulariak, bilera esklusiboak eskatzen ari diren enpresen premiei zuzenean erantzuteko www.spri.eus web orriaren bidez. Aurtengo Intergune+ ekitaldiak Air France/KLM eta Banco Santander ditu babesle eta Erresuma Batua da herrialde gonbidatua.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Tapiak inauguratuko du ekitaldia urriaren 4an, goizeko 09:00etan, "Ingurune ekonomiko globala eta euskal enpresan duen inpaktua" eztabaidari buruzko sarrera bat eginez. Eztabaida horretan parte hartuko dute Teresa Madariaga Ingeteam-eko presidenteak, Oskar Goitia Mondragon Internacional-eko presidenteak eta Javier Imaz GRI Renewable Industries-eko zuzendari nagusiak. Hortik aurrera, gaikako 18 jardunaldi egingo dira BECeko areto desberdinetan, eta 50etik gora hitzaldi eta 60tik gora hizlarirekin.

Jaurlaritzak jardunaldietako parte hartzaileen "maila altua" nabarmendu du, hala enpresena nola erakundeena. Esaterako, Erresuma Batuko eta Hegoafrikako enbaxadoreek beren herrialdeei buruz egingo diren hitzaldietan parte hartuko dutela azpimarratu du.

Gaikako jardunaldiekin batera enpresariek lan bilerak egingo dituzte SPRIk munduan barrena dauzkan Kanpo Sareko ordezkariekin. Enpresariek hitzordu bat erreserbatuko dute webgunean, lan bilera horietan bertatik bertara hitz egiteko beren intereseko herrialde edo eremu geografikoko merkatu, negozio eta ezaugarri bereziei buruz dituzten kezka eta premiez. Orobat, 40 erakusle publiko-pribatu egongo dira BECen, beren nazioartekotze zerbitzuak eta tresnak ezagutarazteko.

ERRESUMA BATUA

Aipatu bezala, Erresuma Batua da aurtengo Intergune+ jardunaldiko herrialde gonbidatua, eta hitzaldi garrantzitsuenetako bat hari buruzkoa izango da. Derek Doyle Erresuma Batuak Bilbon daukan agregatu komertzial eta kontsulak "UK Open for Business" mezua hartuko du abiapuntutzat bere hitzaldian, Erresuma Batuak batez ere hiru sektore hauetan eskaintzen dituen negozio aukerak aztertzeko: energian, automozioan eta burdinbideetan.

Gainera, han dauden euskal enpresen esperientziak ere azalduko dira. Erresuma Batuan dauden enpresa horiez gain, zeregin garrantzitsua dute aipatu hiru sektoreetako klusterrek, alegia, Energia, ACICAE eta MAFEX.

Hitzaldi horrek urriaren 5eko goiz osoa hartuko du, eta Simon Manely Erresuma Batuak Espainian daukan enbaxadoreak bukatuko du; Erresuma Batuarekiko merkataritza harremanak eta harreman horien etorkizuna izango ditu hizpide.