EAEko auto-istripuen biktimei arreta psikologikoa emateko lehen zerbitzua sortu da

Actualizado: martes, 1 marzo 2011 13:20

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Lagun Aro Mirada Social Fundazioak eta STOP Accidentes elkarteak auto-istripuen biktimei arreta psikosoziala emateko zerbitzu berria jarri dute martxan. "Fundación Lagun Aro-Mirada Social-STOP Accidentes: la vida después del accidente de tráfico" txostenean agerian utzitako eskakizun bati erantzuten dio ekimen horrek.

Txostena, STOP Accidentes elkartearekin eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle batzuekin lankidetzan egin zen, eta istripua izan ondoren biktimek jasaten duten babesgabetasun-egoera jarri zuen agerian, zerbitzu berriaren sustatzaileek prentsa ohar batean adierazi dutenez.

Auto-istripuen biktimentzako arretan espezializatutako psikologo batek arreta psikosoziala eskatzen duten pertsona guztiak artatuko ditu, psicologa@stopaccidentes.org helbide elektronikoaren bidez edo jendearentzako 946 033 000 telefono-zenbakiaren bidez.

Halaber, biktimek STOP Accidentes elkartearen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ordezkaritzara jo dezakete; Durangoko (Bizkaia) Pinondo Plazan dago ordezkaritza hori. Jendearentzako ordutegia hau izango da: 10:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera. Hilean bitan, biktimentzako talde-terapiak eta trebetasun-tailerrak antolatuko dira asteburuetan.

Zerbitzuak, besteak beste, honako alderdiei buruzko laguntza eta informazioa eskainiko du: istripua izan ondoren egin beharreko izapideak eta istripua gertatzen denean zein erakundetara jo; dolua gainditzeko laguntza; prozesu judiziala zertan datzan; biktimek dituzten eskubideak, eta zenbat denbora itxaron behar duten.

Zerbitzu berriak aurreikusten duen beste tratamendu-mota bat talde-terapiak eta trebetasun-tailerrak antolatzea da, gauza bera gertatu zaien pertsonekin bizipenak partekatu eta horrela egoera errazago gainditu ahal izateko. Azkenik, eta biktimak edo bere senideren batek istripuagatik epaiketara joan behar baldin badute, zerbitzuak laguntza eskainiko die egoerari hobeto aurre egiteko, eta baita epaiari aurre egiteko ere, kontrakoa izanez gero.

TXOSTENA

"Fundación Lagun Aro-STOP Accidentes: la vida después del accidente de tráfico" txostena 2009ko abenduan aurkeztu zen, eta lehenengo aldiz, istripua izan duten pertsonek eta haien senideek ezbehar horren ondoren Espainian bizi duten egoera aztertzen zuen. Talde honek dituen gabezia eta premiei buruzko datuak eta pertzepzio sozialak azaleratzen zituen, eta baita bere eskakizun nagusiak ere.

Ikerketak biktimen eskaera batzuk nabarmendu zituen. Eskakizun horiei 0 puntutik 10 puntura arteko balorazioa eman zitzaien, zuten lehentasunaren arabera. Puntu gehien jaso zituen eskakizunetako bat istripu larrietan senideei arreta psikologikoa emateko zerbitzuak orokortzea izan zen (8,91 puntu 10etik) edo arretarako doako telefono-zenbaki bat sortzea, istripuarekin loturiko alderdi guztiak izapidetzeko (8,81 puntu 10en gainean).

Beste datu garrantzitsu batzuen artean, biktimek honako hau azpimarratu zuten: lesio psikologikoak gainditzeko hiru urte behar direla batez beste, lesio fisikoak gainditzeko behar diren bi urte eta erdiekin alderatuta; istripua izan duten pertsonen %42k ezin dutela lanean normaltasunez hasi, ondorio psikologikoak eta fisikoak direla medio; edo istripua izan duten pertsonen %23k gidatzeari beldurra ziotela ezbehar horren ondoren.

Arreta psikosozialeko zerbitzu berria gabezia horietako batzuk arintzen, talde horren egoera hobetzen eta biktimen eskakizunetako batzuk artatzen saiatuko da.