EAEko biztanleen herenak dio ingelesez idazten eta hitz egiten dakiela

Atzerriko hizkuntzen ezagutzari buruzko inkesta egin du Jaurlaritzak
Europa Press
Actualizado: jueves, 4 mayo 2017 12:48

BILBO, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak atzerriko hizkuntzen ezagutza eta ikasketari buruzko ikerketa bat egin du, eta elkarrizketatuen %35ek esan du ingelesez "hitz egin eta idazten" dakiela. Gainera, %11k frantsesez, %2k alemanez, %1ek portugesez, %1ek italieraz eta %2k beste hizkuntzaren batetan (gailegoa, katalana, errusiera, txinera, poloniera eta abar) hitz egiten eta idazten dakiela. 2011rekin alderatuz, ingelesaren ezagutza maila pixka bat handitu da, orduan %32koa baitzen, eta frantsesarena mantendu egin da.

Ikerketaren gai nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarrek atzerriko hizkuntzen ezagutza eta ikasketari ematen dioten garrantzia izan da, euren ezagutza maila, erabilera eta gaur egun ikasten ari direnen egoera aztertuz. Landa lana apirilaren 6an eta 7an egin zen, eta 1.000 lagun elkarrizketaru ziren, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak jakinarazi duenez.

EAEko biztanleen gehienbgo handiak (%95) uste du atzerriko hizkuntzen ezagutzak garrantzi handia edo nahikoa duela. Gehiengoaren ustez (%68), euskal hezkuntza sistemak egun atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari garrantzia "handia" edo "nahikoa" ematen dio, 2011n aitortzen zitzaiona baino pixka bat altuagoa (%65). Soilik laurden batek uste du garrantzi "txikia" edo "batere" ez zaiola ematen. Gaur egun ematen zaion garrantzia aurreko belaunaldiena baino altuagoa da, %75 baitira lehen hizkuntzen irakaskuntzari garrantzia txikia edo batere ez zitzaiola ematen uste dutenak.

Euren lan bizitzan edo ikasketetan herritarren %73 ez da sentitu kaltetua edo desberdintasun egoeran atzerriko hizkuntzarik ez hitz egiteagatik, hala sentitu den %26ren aurrez aurre.

Gehien ezagutzen diren hizkuntzen kasuan (ingelesa eta frantsesa), portzentajeak dezente aldatzen dira elkarrizketatuen adina kontuan hartzen bada. Nagusienari dagokionez (ingelesa), 18-29 urteko gazteen %78k "hitz egiteko eta idazteko" gai dela dioen bitartean, 30-45 urtekoen artean portzentajea %46ra jaisten da, 46-64 urtekoen artean %15era eta 65 urte edo gehiagokoen artean %8ra. Ikasketa maila, klase soziala eta gurasoen atzerriko hizkuntzen ezagutza portzentajea igo ahala ere, nabarmen gora egiten du ingelesaren eta frantsesaren ezagutzak.

Atzerriko hizkuntzaren bat "hitz egiten eta idazten" edo "soilik hitz egiten" dakitela diotenen artean, nabarmen txikiagoa da elkarrizketa batean euren iritzia zehatz, argudiatuz eta besteen iritziei kontrajarriz adierazteko gai direnen portzentajea: %69 gai da portugesez, %61 italieraz, %56 ingelesez, %46 alemanez, %43 frantsesez eta %68 beste hizkuntzaren batean.

Ikasketa eremu nagusia "eskola, ikastola edo institutua" da, ingelesaren kasuan %46rentzat eta frantsesarenean %63rentzat. Gainerako hizkuntzetan asko murrizten da eskolaren lekua, eta beste bide batzuk indarra hartzen dute: irakasle partikularra edo akademia espezializatua, atzerrian egonaldiak edo etxean bertan.

ERABILERA

Erabilerari dagokionez, elkarrizketatutakoen %44k ez daki atzerriko hizkuntzarik (2011n, %48). Ingelesa da maiztasun handiagoz erabiltzen den hizkuntza (%43k darabil), eta atzetik oso urrun frantsesa (%10) eta beste hizkuntzak (%3) geratzen dira. Frantsesaren erabilera Gipuzkoan beste bi lurraldeetakoaren ia bikoitza da (%15koa, %8aren parean).

Elkarrizketatutakoen %7k dio atzerriko hizkuntzaren bat "egunero" erabiltzen duela, %8k "maiz, baina ez egunero", %19k "noizean behin" eta %23k "inoiz edo ia inoiz ez". Erabilera esparru nagusia aisialdia da, %24k hartarako baitarabil. "Lanerako" erabiltzen duela dio %14k, "familia edo lagunekin harremanak izateko" %10ek eta "ikasketetarako" %9k.

Bestalde, herritarren %8k dio gaur egun hizkuntzaren bat ikasten ari dela, %77k hizkuntzaren bat ikasteko gogoa adierazi du, %13k ez dela ikasten ari ezta ikasi nahi ere. Egoera 2011koaren oso antzekoa da.

Portzentajeak dezente aldatzen dira elkarrizketatuen adina kontutan hartzen bada. Gazteen %23k ikasten ari dela dioen bitartean, 30-45 urtekoen artean %7ra jaisten da, 46-64 urtekoen artean %6ra eta 65 urte edo gehiago dituztenen artean %1ra.

Elkarrizketatutako pertsonek ikasten ari direla dioten hizkuntza nagusiki ingelesa da (%83), eta urrun datoz frantsesa (%13), alemana (%3) eta beste hizkuntzak (%2). 2011eko datuekin alderatuta, 5 puntu igo da ingelesa ikasten dutenen portzentajea eta 6 puntu jaitsi beste hizkuntzak ikasten dituztenena. Halaber, ikastea nahi luketen hizkuntzari buruz galdetutakoan, %53k ingelesa aipatu du, %13k frantsesa, %11k alemana, %8k beste hizkuntza batzuk eta %13k batere ez.