EAEko BPGk urte arteko %0,8ko hazkundea izan du 2011ko bigarren hiruhilekoan

Actualizado: martes, 13 septiembre 2011 13:02

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta hazkundea %0,2koa izan da


BILBO, 13 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) %0,8 hazi da 2011ko bigarren hiruhilekoan, 2010eko tarte berdinarekin alderatuz gero. Aurreko hiruhilekoko hazkundearekin erkatuz gero, zenbatekoa hamarren bat baxuagoa da, Eustatek landutako datuen arabera.

Espainiako ekonomia %0,7 hazi da, 27 kidez osatutako Europar Batasuna (27-EB) %1,7, eta Amerikako Estatu Batuetako (AEB) ekonomia %1,5. Japoniak, ordea, %2,1 egin du behera.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, EAEko BPGk hazkunde positiboa izan du, %0,2koa hain zuzen ere, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat baxuagoa. Hiruhileko arteko aldaketa berdina erregistratu du Espainiako, 27-EB eta AEBetako ekonomietan; Japoniaren kasuan, ordea, datua %0,5ekoa da.

Eskaintzaren ikuspuntutik, hiruhileko honetan urte arteko hazkundea Industriaren sektorearen bilakaera positiboari zor zaio nagusiki, nahiz eta aurreko hiruhilekokoa baino motelagoa izan den. Zerbitzuen sektoreak ere, oro har, eboluzio positiboa izan du; aurreko hiruhilekoan baino pixka bat hobea izan da, eta merkatuko zerbitzuek eta merkatukoak ez diren zerbitzuek antzeko portaera izan dute.

Eraikuntzaren sektorearen jarduerak, ordea, joera negatiboari eutsi dio, aurreko hiruhilekoan islatutakoa baino are nabarmenagoa. Lehen sektoreak behera egin du urte arteko tasei dagokienez (-%16,0), baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuz %6,6 hazi da.

Industriaren sektoreak hazkunde positiboko tasak lortu ditu berriz ere, urte arteko tasetan zein hiruhilekoen artekoen kasuan; hala ere, urte arteko tasak aurreko hiruhilekoak baino baxuagoak izan dira. Urte arteko %3,3ko hazkundea aurreko hiruhilekoko tasa baino 4 hamarren baxuagoa da (%3,7). Industriaren hiruhileko arteko hazkundea %1,3koa izan da, aurrekoa baino sei hamarren gehiago.

Eraikuntzaren sektoreak ez du oraindik berreskuratzeko sintomarik erakutsi, eta urte arteko tasa negatiboa erregistratu du berriz ere (-%5,6); gainera, aurreko hiruhilekoan erregistratutakoa baino baino puntu bat baxuagoa da. Beste behin ere, eta aurreko hiruhilekoetan bezalaxe, obra zibilak eta bereziki eraikuntzak parte hartu dute beherakada horretan. Hiruhileko arteko bilakaerak tasa negatiboetan jarraitzen du, %2,0ko beherakadarekin. Tasa negatiboa da, baina ez da aurreko hiruhilekoaren parekoa (-%2,7).

Zerbitzuen sektoreko bilakaera globalak positiboa izaten jarraitzen du, eta are gehiago, oraingo honetan lehenengo hiruhilekoan baino pixka bat hobea da. Urte arteko datuei dagokienez, %1,0 hazi zen, urteko lehenengo hiruhilekoan jasotako hazkundea baino bi hamarren gehiago. Hiruhileko arteko datuei dagokienez, bestalde, bilakaera positiboa izan zen (%0,4); aurreko hiruhilekoan hiru hamarren hazi zen.

2011ko bigarren hiruhilekoan Merkatuko zerbitzuek %1,0 egin dute gora urte arteko datuetan; aurreko hiruhilekoan portzentajea %0,8koa izan zen. Horrenbestez, hiruhileko arteko hazkundeak zehaztu du urte arteko bi hamarreneko hobekuntza hori: hiruhileko arteko hazkundea positiboa izan arren (%0,2), aurreko hiruhilekoko hazkundea baino sei hamarren baxuagoa da.

Merkatukoak ez diren zerbitzuek, herri administrazioarekin lotutakoek, batez ere ekitaldi honetako hasieran finkatutako moteltze joerari eutsi diote. Urte arteko hazkundea %0,9koa izan da, aurreko hiruhilekoan erregistratutakoa baino bi hamarren baxuagoa. Merkatukoak ez diren zerbitzuen aurreikuspenetan, lehen aldiz, urte arteko hazkunde tasa puntu bat baino baxuagoa da. Lehen hiruhilekoko beherakada bortitzaren ondoren, hiruhilekoen arteko tasak %1,9ko hazkundea izan du.

Sektore agregatuen bilakaerak balio erantsia haztea eragin du; izan ere, hazkunde positiboko tasak islatu ditu hiruhileko eta urte arteko kasuetan, aurreko hiruhilekoan baino baxuagoak izan arren. Hala, urte arteko hazkundea %0,9koa izan da, urteko lehenengo hiruhilekoan jasotako datua baino hamarren bat baxuagoa. Hiruhileko arteko hazkunde tasa hamarren batekoa da; 2011ko lehenengo hiruhilekoan, ordea, lau hamarreneko datuak erregistratu ziren.

ESKARIA

Hiruhileko honetan ere, eskariaren aldetik kanpo sektoreak izan du portaera positiboena: BPGaren bilakaeran ekarpen positiboa izan du, nahiz eta hazkunde tasak, inportazioetan eta esportazioetan, aurreko hiruhilekoetan baino motelagoa izan.

Barne eskariak urte arteko %0,2ko hazkundea izan du, aurreko hiruhilekoan erregistratutakoa baino hamarren bat gutxiago. Hiruhileko arteko tasan hazkundea hamarren batekoa izan da, aurreko hiruhilekoan sei hamarrenekoa izan ondoren.

Etxeetako azken kontsumoko gastuei dagokienez (kontsumo pribatua), urte arteko hazkunde positiboko tasa erregistratu dute, hain zuzen ere %0,3koa; hala ere, aurreko hiruhilekoetakoa baino baxuagoa da, besteak beste aurreko hiruhilekoan erregistratutakoa baino bost hamarren baxuagoa. Hiruhilekoen arteko hazkundea %0,6koa izan da.

Lehenengo hiruhilekoan bezala, kontsumo publikoak (herri administrazioen azken kontsumoko gastua) portaera motela du. 2011ko bigarren hiruhileko honetan, urte arteko tasa %1,3koa da; aurreko hiruhilekoan datu bera lortu zen, baina 2010. urte osoan, ostera, batez besteko hazkundea %2 baino gehiagokoa izan zen. Hiruhileko arteko tasak beherakada bortitza izan zuen 2011ko lehenengo hiruhilekoan (-%1,6), baina bigarren hiruhilekoan %1,4 hazi da.

INBERTSIOA

Kapitalaren eraketa gordinak (inbertsioa) tasa negatiboak ditu hiruhileko honetan ere, urte arteko datuetan zein hiruhilekoen artekoetan. Urte arteko tasak %1,0 egin du behera, alegia, aurreko hiruhilekoko beherakadak baino zortzi hamarren gutxiago. Hiruhileko arteko bilakaerak ere %0,8ko beherakada islatu du.

Kontsumoaren (publikoa zein pribatua) eta kapitalaren eraketa gordinaren bilakaerek zehaztu dute barne eskariaren portaera, duten pisu erlatiboarekin: urte arteko %0,2ko tasa positiboa erregistratu du, hau da aurreko hiruhilekoan lortutako hazkunde tasa baino hamarren bat gutxiago. Hiruhileko arteko tasa ere moteldu egin da, hamarren bat hazi baita, eta aurreko hiruhilekoan, ordea, sei hamarren egin zuen gora.

Kanpoko sektoreari dagokionez, aurreko hiruhilekoetako dinamika errepikatu da: BPGren bilakaeran ekarpen positiboa izan du, hazkundea moteldu den arren. Urte arteko datuetan, esportazioen bilakaera (%3,2) inportazioena (%2,3) baino zabalagoa da; horrek kanpo saldoa hobetu du, eta horren ondorioz, barne eskariarekin alderatuz BPGren bilakaera hobea izan da.

ENPLEGUA

Enpleguarekin lotuta, lanpostuetan zenbatuz, urte arteko lau hamarreneko beherakada erregistratu da, eta hiruhileko arteko tasan hamarren bateko gorakada izan du.

Sektoreka, Lehen sektoreak eta Eraikuntzak enplegua galtzen jarraitu dute urte arteko zein hiruhileko arteko tasetan. Industrian, aldiz, hiruhileko arteko tasak gorakada arina izan du 14 hilabete eta gero, nahiz eta urte arteko datuetan tasa negatiboekin jarraitzen duen. Zerbitzuen sektoreak du portaera sektorial onena: urte arteko hazkundea %1,1ekoa da, eta hiruhileko artekoa, bestalde, %0,5ekoa.

BPGren bilakaera lurralde historikoen arabera aztertuz gero, Bizkaiak izan du portaera onena, urte arteko hazkundea %0,8koa izan baita; ondoren dator Gipuzkoa (%0,7), eta azkenik Araba (%0,6). Hiruhileko arteko datuei dagokienez, Bizkaiak %0,2ko tasa izan du, Gipuzkoak %0,1 eta Araba %0,0koa.