EAEko emakume hautetsiak tokiko politikako uztartzeaz eta denboren kudeaketaz ariko dira larunbatean, Gasteizen

Virginia Wolf Basqueskolako kideak
EUDEL
Actualizado 2018/07/13 10:42:35 CET

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak sustatutako Basqueskola sareak "Denborak eta emakumeen partaidetza politikoa" saioa antolatuko du larunbatean, uztailaren 14an, Gasteizko Europa Jauregian. Topaketak helburu bikoitza du: batetik, Basqueskola eta bere sarea Euskadiko emakumezko hautetsiei gerturatzea eta, bestetik, emakumeek politikan gizonekin aukera berdintasunean parte hartzeko duten eskubidean eragin berezia duen arazoa aztertzea: bizitza pertsonala, profesionala eta politikoa uztartzea.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Euskadiko emakumezko hautetsien berdintasunezko partaidetza aurre egin beharreko uztartze hirukoitzak baldintzatzen du, bateratze pertsonala, profesionala eta politikoa egin beharra baitaukate. Euskadiko emakume alkate eta zinegotziek alor honetan buru izateko aurrerapausoak eman ditzaten, "funtsezkoa da uztartze hori egiazkoa izatea".

Jardunaldian politikako denboren kudeaketa aztertuko da. Horretarako, esperientziak azalduko dira, egiazko kasuak aztertuko dira eta erreferentziazko ereduak adieraziko dira. Saioan udalerrietan hartzen ari diren neurriak ere eztabaidatuko dira, tokiko politikan denborak antolatzeko eragin positiboa baitute.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izango da politikan ari diren emakumeei ongietorria egingo diena. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetako udalerrietako emakumezko alkate eta zinegotziak bertaratuko dira, batez ere. Eusko Legebiltzarreko emakumeak eta Arabako kontzejuetako administrazio batzordeetakoak ere egongo dira, baita hiru foru aldundietako batzarkideak ere.

Landaidak azaldu duenez, Virginia Wolf Basqueskola (VWBasqueskola) "emakumezko hautetsi guztiei zuzenduta dago, 1.100 emakume baino gehiagori, gobernutik edo oposiziotik lanean ari direnei, aukera politiko guztietakoei eta euskal udalerri guztietakoei". Gainera, adierazi du "nazioarteko bokazioarekin" jaio dela, "Europako eta mundu osoko emakume hautetsien sareekin loturak egiteko".

Natividad López de Munain Elburgoko alkatea, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Beatriz Marcos Bilboko zinegotzia, Paula Amieva Getxoko zinegotzia, Duñike Arrizabalaga Donostiako zinegotzia eta Iraida Saenz de Lafuente Aiarako zinegotzia izango dira Basqueskolaren helburuak eta datozen proiektuak aurkeztuko dituztenak.

Talde honetan euskal udalerrietako sentsibilitate politiko guztietako ordezkaritza dago, eta agenda publikoan eragiteko beharrezko estrategiak egiten ari da koordinatuta eta bere hiru lan alorren bidez (eragin politikoa, denborak eta kontziliazioa eta hautetsi berrien harrera), eta emakumeen buruzagitza eta partaidetza sustatuz beren ahots eta kokapenetatik.

López de Munainek azpimarratu du garrantzitsua dela politikan lehenengoz sartzen diren emakumeentzako erreferente izatea VWBasqueskola. "Gure ezagutzak eta esperientziak emakumezko alkate eta zinegotzi berriei eman nahi dizkiegu, 2019an politikan lehenengoz parte hartuko dutenei, lagun egin nahi diegu eta erreferente bat izan dezatela zerbitzu publikoaren esperientzia hau denok elkarrekin partekatzeko", azaldu du.

Zentzu honetan, Basqueskolak taldeko lanaren garrantzia azpimarratu nahi du. Era berean, bidezko politikak abian jartzerakoan zerikusia duten eragileen arteko koordinazioa ere funtsezkoa dela nabarmendu nahi du. Premisa hauek baliagarriak dira politikan lehenengo urratsak ematen ari diren emakumeentzat eta kargu publikoetan urteak daramatenentzat ere bai.

HITZALDIA

Soledad Murillo de la Vega soziologoa eta Salamancako Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da, eta Berdintasunerako estatu idazkari izendatu dute duela gutxi. Topaketako esparru hitzaldia eskainiko du, eta funtsezko zenbait kontzeptu proposatuko ditu, ondoren ezagutzaren berrikuntzari buruzko dinamika baten bidez lantzeko.

Bermeoko alkate Idurre Bideguren Basqueskola Sareko ordezkaria da, eta, adierazi duenez, "jardunaldiko emaitzak batzorde honek aztertuko ditu, eta Virginia Woolf Basqueskolan zabalduko dira, Euskadiko udal guztientzako orokortu daitezkeen praktika onak aurkitzeko asmoz".

Arazo honi dagokionez, 84 herrialdetan parlamentu mailako emakume eta gizon politikarien ibilbide politikoan eragina duten faktoreen azterketa konparatiboa egin da. Denboraren erabilerak aztertu dira, besteak beste, eta tokiko alorrera erraz eraman daitezkeen ondorio batzuk atera dira.

Horrela, ondorio horien artean, emakume politikariek beranduago hasten dituzte beren ibilbideak, seme-alaba gutxiago izaten dute, zaintza lanetan denbora gehiago igarotzen dute, beren denbora maximizatzeko antolatzen dituzte joan-etorriak, komunikabideetan beraiei buruz irudi okerra emateaz kezkatuta egoten dira, eta anbizio txikiagoa izaten dute beren ibilbide politikoan.

Gainera, emakumerik gehienek familiakoen edo ingurukoen babesa dute beren ibilbidea hasteko edo ibilbide politiko horretan jarraitzeko, eta baldintza sine qua non da hau; aldiz, gizonezko gehiago dago beren inguruaren babesik gabe politikan.

Contador