EAEko enpresen %12,7k berrikuntza teknologikoa egin zuen 2013an

Actualizado: viernes, 19 diciembre 2014 13:40
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresen %12,7k egin zuen berrikuntza teknologikorik 2011-2013 aldian, aurreko aldian baino %1,1 gehiagok. Guztira, 20.677 enpresa izan dira, Eustatek landutako datuen arabera.

   Enpresa berritzailetzat hartzen dira merkatuan produktu berriren bat (ondasuna edo zerbitzua) edo asko hobetutako produkturen bat sartu dutenak (2013an, %7,1), edota establezimenduaren baitan prozesu berriren bat edo asko hobetutako prozesua sartu dutenak (%9,6).

   Hamar langile edo gehiagoko enpresetan portzentajea altuagoa da: %28,4, aurreko urtean baino %0,2 gutxiago. Enpresa horien artean, produktua eraberritu dutenak %19,5 dira, eta prozesua eraberritu dutenak %22,7.

   EAEko enpresek 2.563,5 milioi euroko gastua egin zuten teknologia berritzeko jardueretan 2013an, aurreko urtean baino %0,1 gutxiago. BPGren %3,9 da gastu hori.

   Berrikuntzarako behar diren jarduera garrantzitsuenen artean banatuz gero, honako hauek nabarmentzen dira: barruko I+G (%51,4); makinak eta ekipoak erosteko gastua (%21,0); eta kanpoko I+Gren erosketa (%15,9). Gainerako jardueretarako %11,7 geratzen da.

   Laguntza horren jatorriari behatuz gero, Eusko Jaurlaritza nabarmentzen da, laguntza guztien %19,6rekin. Hamar langile edo gehiago dituztenetan, %50,8k laguntzak jasotzen dituzte, eta Jaurlaritza da, halaber, enpresarik gehien finantzatzen duena; zehazki, enpresen %39,7.

   Bi berrikuntza motak kontuan harturik -teknologikoa eta ez teknologikoa (azken hau antolaketa eta merkaturatzearekin lotuta)-, 2013ko enpresa berrikuntzadunak %16,7 dira, aurreko urtean baino %6 gutxiago. Hamar enplegatu eta gehiagoko enpresak bakarrik kontuan hartuz, enpresa berritzaileak %34,7 dira.

ERAGIN POSITIBOA

   Bestalde, %66,6k uste du berrikuntzak eragin positiboa duela produktuetan, ondasun edo zerbitzuak direlarik, %69,6k barne prozesuetan, %44,9k enpleguan eta %30,1ek dio bestelako eragin positiboak badirela, esaterako, ingurumen inpaktu txikiagoa edo langileen osasun hobea.

   Hamar langile edo gehiagokoetan, %90,6ren ustez bada eragin positiborik, eta lehen aipaturiko portzentajeetan, %85,0, %70,3, %57,6 eta %50,1, hurrenez hurren.

   Enpresen %55,5ek uste du teknologia berrikuntza zailtzen duten faktoreak badirela. Faktore horien artean, gehiegizko arrisku ekonomikoak (%39,8), berrikuntzen kostu handiegiak (%44,4), eta finantza iturri falta (%41,0) daude. Hamar enplegatu baino gehiagoko enpresetan, berrikuntza oztopatzen duten faktoreak badirela uste dutenak %68,6 dira, aipatutako oztopoak berberak direlarik.

   Berrikuntza ez teknologikoa (%9,1) antolaketa edo merkaturatze berrikuntzek osatzen dute. Antolaketa berrikuntza enpresa barruan antolatze metodo berriak ezartzea da enpresako barne funtzionamenduan, eta euskal enpresen %5,6k egiten dute. Merkaturatzearena lehen erabili ez diren edo aurrekoak bezalakoak ez diren merkataritzako estrategia edo kontzeptuen egikaritzea da, eta enpresen %5,9k egiten dute. Berrikuntza ez teknologikoa (%20,0), enpresa tamaina (hamar langile edo gehiago) horretarako, antolamenduan datza %16,7tan eta merkaturatzean %10,2tan.