EAEko esportazioak %10,9 gehitu dira 2018ko lehen hiruhilekoan

Edukiontziak Bilboko Portua
BILBOKO PORTUA - Archivo
Actualizado: martes, 22 mayo 2018 13:24

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioek %10,9ko hazkundea izan dute 2018ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko aldiaren aldean. Esportazioen zenbatekoa 6.421,1 milioi euro izan da urtarriletik martxora, hau da, iazko aldi berean baino 629,1 milioi euro gehiago, Eustaten datuen arabera.

Bizkaiko esportazioak EAEko handienak izan dira, 2.500,7 milioi eurokoak guztira, eta %15eko hazkundea izan dute. Gipuzkoan 1.856,6 milioi euroko esportazioak egin dira, %7,9ko hazkundearekin, eta Araban 2.063,9 milioi eurokoak, %8,8 gehiago.

Produktu motari erreparatuz, produktu ez energetikoak dira EAEko esportazioen hazkundearen zati handi bat, 438,1 milioi euro gehiagorekin. Produktu energetikoek hazkunde horretako 191 milioi osatu dute.

Esportazio bolumenaren araberako zortzi jarduera adar garrantzitsuenek "igoera nabarmenak" izan dituzte urteko lehen hiruhilekoan. Bereziki aipagarria da koke labeak eta petrolio fintzeari lotutako produktuen hazkundea, ia bikoiztu egiten baitu aurreko urteko lehendabiziko hiru hiletako esportazioen zenbatekoa, 504,2 milioi eurora helduz. Aldi berean, esportazio bolumen handieneko adarra, alegia, motor ibilgailuen fabrikazioari lotutako produktuak (1.808,1 milioi eta guztizkoaren %28,2), %17,7 hazi da.

Urteko lehen hiruhilekoko esportazioaren sailkapenean, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, esportatutakoaren %16rekin. Alemaniaren ondoren, Frantzia eta Amerikako Estatu Batuak daude (%15,1 eta %8,3, hurrenez hurren). Horrenbestez, aipaturiko hiru herrialdeek EAEko esportazioen ia %40 bildu dute.

INPORTAZIOAK

Bestalde, EAEko inportazio metatuak 4.908,4 milioi eurokoak izan dira 2018ko lehen hiruhilekoan. Zenbateko hori azken 37 hiruhilekoetako handiena da, eta serie historikoko handiena izango litzateke; izan ere, 2007ko hirugarren hiruhilekotik 2008ko laugarren hiruhilekora doan aldia
salbuesten bada, tarte horretan inportazioak esportazioak baino gehiago ziren.

Urte arteko kopurua konparatuz, 2017ko aldi berean lortutakoa baino 140 milioi euro gehiago lortu dira aurten. Hein handian, igoeraren arrazoia da Araban %12,6ko hazkundea izan dela, hau da, aurreko urteko hiruhileko berean baino 125,3 milioi gehiago (1.177,2 milioi euro balio duten esportazio metatuak ditu Arabak.

Gipuzkoan 53,9 milioi euro igo dira inportazioak, eta Bizkaian, berriz, 39 milioi eureo murriztu. Inportatutakoaren balioa lurralde horietan 977,6 eta 2.813,6 milioi eurora heldu da, hurrenez hurren.

Produktu motari erreparatzen bazaio, energia produktuen inportazioa %4,6 jaitsi da urtarriletik martxora, eta produktu ez energetikoak, berriz, %6,1 igo dira.

Modu honetan, EAEko ondasunen kanpo merkataritzak 1.512,8 milioi euroko saldo positiboa eman du 2018ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko lehen hiruhilekoan baino 489,1 milioi euro gehiago. Bizkaiko balantze komertziala hobetu izana da horren arrazoi neurri batean, negatiboa izan den arren, 364,9 milioi euro gutxitu baita, urteko -677,8 milioi eurotik -312,9 milioi eurora pasaz. Beste bi lurraldeen saldoak positiboak izan dira, eta %10,3 hazi da Gipuzkoan, hiruhileko honetarako 879,1 milioiko saldoko baliora helduz, eta %4,7 Araban (946,6 milioi).