EAEko esportazioak %8,4 gehitu dira urteko lehen bost hilabeteetan

Edukiontziak Bilboko Portuan
BILBOKO PORTUA - Archivo
Actualizado: viernes, 20 julio 2018 13:46

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioek %8,4ko hazkundea izan dute 2018ko lehen bost hilabeteetan, joan den urteko aldi beraren aldean, hau da, 824,7 milioi euro gehiago esportatu dira. Zenbateko horri Bizkaiak egin dio ekarpen handiena: 379,0 milioi.

Eustat estatistika erakundeak emandako datuen arabera, EAEko esportazioaren kopurua 10.638,5 milioi euro izan da urtarriletik ekainera. Zenbateko hori marka da serie historikoa bere osotasunean aztertzen bada, eta, esaterako, aldi horretarako 2003an eta aurreko urteetan izan zen metatua bikoiztu da.

Bizkaiko esportazioak EAEko handienak dira: 4.150,6 milioi eurokoak izan dira, hau da, iaz baino %10,0 gehiago. Araban, esportazioen hazkundea pixka bat handiagoa izan da, %10,2koa, eta 3.415,6 milioi euroko kopuruan. Gipuzkoan esportazioak %4,4 gehitu dira eta 3.072,3 milioi eurokoak izan dira.

Produktu mota kontuan hartuta, produktu ez energetikoek bildu dute nagusiki urteko lehen bost hilabeteetako hazkundea, 658,3 milioi euro gehiagorekin. Produktu energetikoek 166,5 milioi euro jarri dituzte hazkunde horretan.

Esportazio bolumenaren araberako sei jarduera adar garrantzitsuenek igoerak izan dituzte urtarriletik maiatzera. Bereziki aipagarria izan da koke labeak eta petrolio fintzeari lotutako produktuen hazkundea (%31,1), 834,2 milioi eurora heldu baita. Aldi berean, esportazio-bolumen handieneko adarra, hau da, motor ibilgailuen fabrikazioari lotutako produktuak %16,0 hazi da (2.950,3 milioi euro eta guztizkoaren %27,7). Garrantzian bigarren doan siderurgiako produktuen adarrak %18,0ko hazkundea izan du (1.171,5 milioi euro).

Urteko lehen bost hilabeteen sailkapenak Alemania egin du herrialde hartzaile nagusi, EAEk esportatutakoaren %15,9rekin. Alemaniaren ondoren, Frantzia eta AEB daude (%15,4 eta % 8,1, hurrenez hurren). Horrenbestez, hiruren artean EAEko esportazioen ia %40 bildu dute.

INPORTAZIOAK

Bestalde, EAEko inportazio metatuak 8.242,5 milioi euro ingurukoak izan dira urtarriletik maiatzea. Kopuru horren urte arteko konparazioa eginez gero, aurreko urtean aldi berean izandakoa baino 414,6 milioi euro gehiago izan da.

Hein handi batean, igoera horren arrazoia da Araban %14,1eko hazkundea izan dela, hau da, 2017an baino 229,1 milioi euro gehiago inportatu dira, 1.859,2 milioi euroko balio duten inportazioetara helduz. Gipuzkoan 151,7 milioi euro gehitu dira inportazioak, eta Bizkaian 33,8 milioi euro. Inportatutakoaren balioa lurralde horietan 1.685,7 milioi euro eta 4.697,6 milioi eurora heldu da, hurrenez hurren.

Halaber, produktu mota kontuan hartzen bada, produktu energetikoen inportazioa egonkortu egin da urteko lehen bost hilabeteetan (%0,1), eta produktu ez energetikoak, berriz, %7,3 igo dira.

Modu honetan, EAEko ondasunen kanpo merkataritzak 2.395,9 milioi euroko saldo positiboa eman du aurtengo urtarriletik maiatzera, aurreko urteko lehen bost hilabeteetan izandakoa baino 410,1 milioi euro gehiago. Neurri batean, horren arrazoia da Bizkaiko balantze komertziala hobetu egin dela, negatiboa izan arren (345,2 milioi gutxitu da), urte batean -892,2 milio eurotik -547,0 milioi eurora igaro baita. Beste bi lurraldeen saldoa positiboa izan da, eta 1.556,3 milioi eurora heldu da Araban, eta 1.386,6 milioi eurora Gipuzkoan.