EAEko esportazioek %9,9ko hazkundea izan dute urteko lehen lauhilekoan

Edukiontziak Bilboko Portuan
BILBOKO PORTUA - Archivo
Actualizado: jueves, 21 junio 2018 13:58

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioak 8.491,2 milioi euro izan dira 2018ko lehen lauhilekoan, hau da, iaz baino 761,1 milioi euro gehiago eta, beraz, %9,9ko hazkundea izan dute, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.

Bizkaiko esportazioak 3.256,6 milioi euro izan dira, EAEko handienak, eta %12,8 igo dira urte artean. Gipuzkoan hazkundea %5,7 izan da (2.448 milioi euro), eta Araban %10,6 (2.714,7 milioi euro). Produktu mota kontuan hartuz, produktu ez energetikoen esportazioak 568,1 milioi euro gehiago izan dira, eta produktu energetikoenak 193,5 milioi euro gehiago.

Sei jarduera adar garrantzitsuenek igoerak izan dituzte urteko lehen lauhilekoan. Bereziki aipagarria da koke labeak eta petrolio fintzeari lotutako produktuen hazkundea (%48,8), 649,4 milioi eurora helduz. Aldi berean, motor ibilgailuen fabrikazioari lotutako produktuak %19,5 gehitu dira (2.359 milioi euro eta esportazio guztien %28). Siderurgiako produktuen esportazioak 923,8 milioi euro izan dira, iaz baino %18,4 gehiago.

EAEko esportazioen herrialde hartzaileei dagokienez, sailkapenak Alemania egin du hartzaile nagusi, esportatutakoaren %16,1 jaso ondoren. Jarraian, Frantzia eta AEB daude (%15,5 eta % 7,9, hurrenez hurren). Horrenbestez, hiru herrialde horien artean EAEko esportazioen ia %40 bildu dute.

INPORTAZIOAK

Bestalde, EAEko inportazio metatuak 6.514,4 milioi euro inguru izan dira 2018. urteko urtarriletik apirilera, hau da, aurreko urteko aldi berean baino 214,8 milioi euro gehiago. Produktu energetikoen inportazioak %6,7 jaitsi dira, baina produktu ez energetikoenak %7,8 igo.

Araban egindako inportazio metatuak 1.453,3 milioi euro izan dira, iaz baino %12,5 gehiago, hau da, 162 milioi gehiago. Gipuzkoan ere inportazioak 109,4 milioi gehitu dira (1.311,8 milioi guztira), baina Bizkaian 56,6 milioi gutxitu (3.749,4 milioi).

Modu honetan, EAEko ondasunen kanpo merkataritzak 1.904,8 milioi euroko saldo positiboa eman du urteko lehen lau hilekoan, aurreko urtekoan baino 546,8 milioi euro gehiago. Horren arrazoi nagusia da Bizkaiko balantze komertziala hobetu egin dela, negatiboa izan arren, 425,7 milioi gutxitu baita, urte batean -918,5 milioi eurotik -492,8 milioi eurora pasaz. Beste bi lurraldeen saldoa positiboa izan da, 1.261,4 milioira helduz Araban, eta 1.136,2 milioira Gipuzkoan (97,4 eta 23,7 milioi gehiago, hurrenez hurren).