EAEko establezimenduen hiru laurdenak hiru langile baino gutxiago zituen 2009an

Actualizado: miércoles, 30 marzo 2011 13:22

BILBO, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) establezimenduetako enplegu-tamainaren araberako egiturak lehengoan iraun zuen 2009an, Eustatek landutako datuen arabera. Horrela, 2.338 establezimenduk (%1,2) 50 enplegu baino gehiago zituzten, hau da, enpleguaren %37,2. Gainera, 141.607 establezimendu, guztizkoaren ia hiru laurden, ez ziren hiru lanpostura heltzen eta enplegu guztiaren %19,1 hartu zuten.

Egoitza EAEn duten enpresek, lehen sektorekoek izan ezik, 191.057 establezimendutan (lantegiak, dendak, bulegoak eta abar) gauzatu zuten jarduera 2009an, hau da, aurreko urtean baino %5,5 gutxiagotan.

Establezimenduen kopurua sektore guztietan murriztu zen, administrazio publiko, hezkuntza eta osasunan izan ezik, non %0,4 hazi zen. Nabarmentzekoak izan ziren eraikuntzaren (%11,9), higiezinen jardueren (%6,9) eta informazio eta komunikazioaren (%6,6) jaitsierak, denak batez bestekoaren gainetik.

EAEko hiru lurraldeetan antzekoak izan ziren pautak, sektore guztietan izan baitziren establezimendu-galerak. Salbuespenak administrazio publiko, hezkuntza eta osasuna izan ziren, Gipuzkoan %1,3 eta Araban %0,1 igo baitziren. Galerarik gehien eraikuntzan izan zen: %13,2 Araban, %10,9 Bizkaian eta %12,8 Gipuzkoan. Higiezinen jardueren sektorearen jaitsiera ere nabarmena izan zen: %7,4 Araban eta Gipuzkoan, eta %6,6 Bizkaian. Antzera gertatu zen informazio eta komunikazioetan: %7,0ko jaitsiera Araban eta Gipuzkoan, eta %6koa Bizkaian.

Establezimenduen jarduera-adarraren araberako batez besteko tamainari dagokionez, enplegu-kontzentraziorik handiena, EAE osoan zein lurraldeetan, industria eta energian izan zen. EAEn establezimenduko batez besteko tamaina 13,9 enplegu zen; lurraldeetan, Araban 18,1 zen, Gipuzkoan 13,9 eta Bizkaian 12,4. Administrazio publiko, hezkuntza eta osastuan establezimenduen batez besteko tamaina 14,4 zen Araban, 10,7 Gipuzkoan eta 10,6 Bizkaian.

ENPRESAK

Bestalde, 2009an EAEn ari ziren enpresen kopurua, lehen sektorean izan ezik, %6,0 murriztu zen, eta guztira, 171.345 enpresa aktibo zeuden, 2008an baino 10.939 gutxiago. Haien arteko %97,6k egoitza EAEn zuen, eta 4.075ek Estatuan.

Enpresen batez besteko tamaina zertxobait hazi zen 2009an: 5,3 okupatu enpresako eta 4,7 establezimenduko. Nortasun juridikoaren araberako azterketan alde nabarmenak izan ziren. Horrela, titularra pertsona fisikoa denean, 1,4 enplegu zen, bai enpresako, bai establezimenduko, baina gainerako forma juridikoetarako batez besteko horiek 10,4 eta 8,5 okupatu dira, enpresako eta establezimenduko.

ENPRESA-DEMOGRAFIA

Beste alde batetik, lanean hasi eta lanari utzi zioten establezimenduen arteko saldo garbia -11.036 izan zen 2009an. Errotaziorik handiena pertsona fisikoaren formula juridikoarekin sortutako establezimenduetan gertatu zen: alten %67,0 eta bajen %71,4. Kolektibo honen guztizko saldoa 8.584 establezimendu gutxiago izan zen, utzi ziotenak berriak baino gehiago izan zirelako.

Bestelako forma juridikoetan bakarrik egon zen guztirako saldo positiboa, 255 establezimendu, hain zuzen; zehazki, kooperatiba, erakunde autonomo eta asimilatuak eta administrazioaren beste organoak. Sozietate anonimoak izan ziren establezimendurik gutxien (788) galtzen zituztenak, eta sozietate mugatuak (919) antzera ibili ziren.

Demografia jardueraren arabera aztertzean, merkataritza, garraioa eta ostalaritza (alten %28,3 eta bajen %32,9), eraikuntza (alta guztien %19,9 eta baja guztien %27,2) eta jarduera profesionalak (alta guztien %19,5 eta baja guztien %15,6) nabarmendu ziren.

Azkenik, establezimenduen tamainaren arabera, geruzarik dinamikoena bi enplegu edo gutxiagokoa izan zen, ohi bezala, eta berak bakarrik alta guztien %88,7 eta baja guztien %89,9 hartu zituen.