EAEko herri administrazioen diru sarrerak %0,1 handitu ziren 2013an

Actualizado: viernes, 26 junio 2015 15:21

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri administrazioen (Jaurlaritza, foru aldundiak eta udal administrazioak eta haien erakunde autonomo eta udalez gaindiko eta azpiko entitateak) diru sarrera finkatuak %0,1 handitu ziren 2013an. Gastuen bilakaera, berriz, negatiboa izan zen eta %0,6 jaitsi ziren.

   Horren ondorioz, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak landutako datuen arabera, aurrekontu saldo ez finantzarioa 188 milioi euro gehitu zen, hau da, 2012ko -293 milioi eurotik 2013ko -105 milioi eurora.

   Eragiketa arrunten bidezko diru sarrerak %0,4 murriztu ziren, eta kapital eragiketengatik lortutakoak, berriz, %2,4. Horrenbestez, eragiketa ez finantzarioen bidezko diru sarreren guztizkoa %0,4 txikiagoa izan zen 2013an, 2012ko datuen aldean.

   Finantza eragiketengatik onartutako eskubideak %5,0 handitu ziren, batez ere pasibo finantzarioak handitu izanagatik: 2012an, 1.482,2 milioi euro izan ziren, eta 2013an, berriz, 1.549,3 milioi euro.

   Gastuen atalean, %1,8 handitu ziren eragiketa arruntengatik 2013an onartutako betebeharrak. Langileen gastuak guztizkoaren %21,4 ziren, %3,9 handituta. Transferentzia arruntak guztizko gastuaren %28,5 ziren, eta %3,4 handitu ziren 2012ko datuekin alderatuta. Beste gastu arruntak %0,7 murriztu ziren, baina alderantzizko bilakabideak izan dituzte osagaietan: ondasun eta zerbitzu arrunten gastuak %1,2 murriztu ziren, eta finantza gastuak %8,5 handitu (308 milioi euro guztira 2013an).

   Diru sarreren analisiak erakusten duenez, BEZagatik onartutako eskubideak %3,0 handitu ziren 2012 eta 2013 artean, eta zerga bidez sartutako diruaren %34,9 izan zen. Horrez gain, BEZak beste diru bildu zuen PFEZak, nahiz eta %1,4ko murrizketa izan. Hirugarren eta laugarren tokian, hurrenez hurren, zerga bereziak eta sozietateen gaineko zerga zeuden, biak bilakaera positiboarekin: %1,5 zerga bereziek eta %5,5 sozietateen gaineko zergak. Udal zergek %2,5eko hazkundea izan zuten.

   Halaber, EAEko herri administrazioen zor bizia, 2013ko abenduaren 31n, 9.889,7 milioi eurokoa zen. 2013an hartutako pasibo berriak 1.602,4 milioi izan ziren, eta amortizazioak, berriz, 517,7 milioi. Zorrari dagokionez, BPGaren %15,0 izan zen 2013an.

ENPLEGUA

   Bestalde, 2013ko abenduaren 31n, 68.085 langilek ziharduen EAEko herri administrazioetan, hau da, Eusko Jaurlaritzan, foru aldundietan eta udal administrazioetan, eta haien erakunde autonomiadun eta udalez gaindiko eta azpiko entitateetan. Horrela, langileen kopurua %0,6 jaitsi zen 2012koaren aldean.

   Euskadiko sektore publikoa eratzen duten gainerako erakundeak gehiturik -elkarte publikoak, irabazi asmorik gabeko fundazio eta erakundeak, unibertsitatea eta bestelako erakunde publikoak-, 123.476 langilek jarduten zuen 2013an, hau da, 2012an baino %1,1 gutxiago.

   Gizon-emakume banaketa aurreko urteetako modukoa izan zen 2013an: langileen %60,9 emakumeak ziren, eta %39,1 gizonak. Enplegu harremanari dagokionez, lanpostu finkoa zuten langileen %68,6k.