EAEko herri administrazioen diru sarrerak %1,6 gehitu ziren 2014an

Eusko Jaurlaritza, Lakuan
IREKIA
Actualizado: jueves, 30 junio 2016 10:39

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udal administrazioak, euren erakunde autonomoekin eta udalez gaindiko eta azpiko erakundeekin batera) diru sarrera sendotuak %1,6 gehitu ziren 2014. urtean, Eustaten datuen arabera.

Diru sarrerak batez ere eragiketa korronteengatik eta zergengatik gehitu ziren (%3,3), kapital eragiketengatikoak %16,0 gutxitu baitziren. Guztira, ez finantzetako eragiketengatiko diru sarrerak %2,7 gehitu ziren 2013aren aldean. Finantza eragiketengatiko eskubide onartuak %9,2 gutxitu ziren, batez ere finantza pasiboak 2013ko 1.549,3 milioi euroetatik 2014ko 1.419,8 milioi euroetara jaitsi zirelako.

Bestalde, gastuak %3,2 gehitu ziren 2014. urtean. Eragiketa korronteengatiko obligazio onartuak %2,0 gehitu ziren. Langileen gastuak -gastu guztien %21,1- %1,7 gehitu ziren, eta transferentzia korronteak -gastu guztien %28,2- %2,1 gehitu, 2013aren aldean. Beste gastu korronteak %2,1 gehitu ziren.

BEZ eskubide onartuak %12,9 gehitu ziren 2014an, eta zerga bidezko diru sarreren %37,7 izan ziren. Garrantzian bigarren (%33,6) PFEZ izan zen, %0,7 gehituta. Hirugarren Zerga bereziak (2014an %-2,2) izan ziren, eta laugarren Sozietateen zerga (%-5,9). Udal zergak %1,1 gehitu ziren.

Diru sarrera ez finantzarioak %2,7 gehitu ziren, eta gastuak %2,2. Horren ondorioz, aurrekontu saldo ez finantzarioa 71 milioi euro hobetu zen 2014an, 2013ko -106 milioi euroetatik, 2014ko -35 milioi euroetara.

Bestalde, euskal herri administrazioetako zor bizia 10.469 milioi euro zen 2014ko abenduaren 31n. 2014ko pasibo berriak 1.382,5 milioi euro izan ziren, eta amortizazioak 839,9 milioi euro.

Azkenik, EAEko herri administrazioetako langileen kopurua 2014ko abenduaren 31n 67.610 pertsonakoa zen, eta euskal sektore publikoaren parte diren gainerakoak gehituz gero -sozietate publikoak, irabazi asmorik gabeko fundazio eta instituzioak, unibertsitatea eta beste erakunde publikoak- 123.747 langile. Emakume eta gizonen arteko banaketari dagokionez, aurreko urteetan bezalaxe: %61,1 emakumeak eta %38,9 gizonak. Gainera, guztien %68,2 langile finkoak ziren.