EAEko herritarren %37 euskaraz ongi edo nahiko ongi mintzatzen da eta %39 ezer ez

Actualizado: viernes, 21 enero 2011 13:54

Inkestatuen %67k dio galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza bat bizirik atera nahi bada, aldeko neurri politikoak hartu behar direla


BILBO, 21 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren %37 euskaraz ongi edo nahiko ongi mintzatzen da, %24 zertxobait eta %39 ezer ez. Adinari begiratuz gero, 15-17 urte bitarteko gazteen %67 euskaraz ongi edo nahikoa ongi mintzatzen da, eta 18-29 urte bitartekoen artean portzentaje hori %58koa da. Ondorengo adin-tarteetan portzentajeak behera egiten du: 30-45 urte bitartekoen artean %34 dira, 46-64 urte bitartekoen artean %28 eta 65 urtetik gorakoen artean %26.

Datu hauek Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileran inguruan telefonoz egindako inkesta bateko emaitzak dira. Ikerketak hainbat eremu lantzen ditu, hala nola erabilera maila, erabilera esparruak, pertzepzioak eta jarrerak, eta hizkuntza politika. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, administrazioaren aurrean kreditatzeko garaian, bigarren mailako hezkuntzan eta unibertsitatean euskaraz egindako ikasketei aitortza emateko ekimenari buruzko iritzia ere jaso du. Lagina, 15 urtetik gorako herritarrei zuzendua, EAE osoko 1.806 lagunek osatua da. Informazio bilketa 2010eko abenduaren 16tik 21era bitartean egin zen.

Horrela, euskara gehiago erabiltzen da familian eta lan edo ikasketa esparruetan lagunartean baino. Elkarrizketatuen %17k familiarekin beti euskaraz egiten du edo euskaraz gaztelaniaz baino gehiago (euskaraz ongi edo nahikoa ongi hitz egiten dutenen artean %44k). Lantokian edo ikasketa esparruetan %19k egiten du beti euskaraz edo euskaraz gaztelaniaz baino gehiago (ongi edo nahikoa ongi hitz egiten dutenen artean %45ek) eta lagunekin %13k hitz egiten du beti euskaraz edo euskaraz gaztelaniaz baino gehiago (ongi edo nahikoa ongi egiten dutenen artean %32k).

Elkarrizketatutako pertsonen %39k adierazi dute joan direla noizbait euskara klaseetara, eskolaz kanpo. Horietatik, %72k hiru urte edo gutxiago eskaini dizkiote ikasketa horri.

EAEko herritarren %54k euskara euskal herritarren berezko hizkuntza dela uste du; aitzitik, %34k uste du euskara EAEko herritarren hizkuntzetako bat dela, ez hizkuntza bakarra.

Bestalde, inkestan elkarrizketatuen %85ek uste du, gaur egun, EAEn, euskaraz hitz egiten jakiteak aukera gehiago ematen dizkiola pertsona bati, eta gutxiago dira ospe gehiago ematen diola pentsatzen dutenak (%45). Herritarren %68k uste du euskararen garapena "denborarekin" konponduko dela, "neska-mutilek eskolan dagoeneko ikasten dutelako".

HIZKUNTZA-POLITIKA

Hizkuntza-politikarako aukera ezberdinen artean, herritarren %67k adierazi du galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza bat bizirik atera nahi bada aldeko neurri politikoak hartu behar direla, nahiz eta guztien gogokoak ez izan, eta %64k uste dute ezinbestekoa dela euskararen sustapenean diru publikoa gastatzea.

Halaber, langile publikoen hizkuntza-gaitasunari dagokionez, herritarren %72 ados agertu da adierazpen honekin: "ezinbestekoa da jendearen aurrean lan egiten duten funtzionarioek euskaraz hitz egitea". Gainera, %69ren arabera, "EAEn lan egiten duten funtzionario guztiek euskara ikasi beharko lukete".

Azkenik, ikasketak euskaraz burutu dituztenei euskararen ezagutza-aitortza emateko neurrien inguruan, derrigorrezko ikasketak euskaraz osatzen dituztenek euren euskararen ezagutza-mailari buruzko agiri ofizialen bat jasotzearen alde agertu da gehiengoa (%84), eta %77 ados dago unibertsitate mailako ikasketak euskaraz egiten dituztenek EGAren baliokide den titulu ofizial bat jasotzearekin.