EAEko herritarren %38 independentziaren kontra eta %19 alde daude

Actualizado: viernes, 11 marzo 2016 11:58

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren %38 independentziaren kontra azaldu da, eta %19 alde, 1998an neurtzen hasi zenetik jasotako "independentziarekiko aurkakotasunik handiena" izanik, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak ostiral honetan argitaratu duen 60. Euskal Soziometroaren datuen arabera.

   Halaber, herritarren %30ek dio egoeraren arabera independentziaren alde edo kontra egongo litzatekeela, eta %12k ez du erantzun. Azterketaren egileen arabera, independentismoaren beherako joera hau 2015eko hasieratik dator, Eskoziako erreferenduma (2014ko iraila) eta Kataluniako kontsulta (2014ko azaroa) eta Espainiako Kongresurako hauteskundeak (2015eko iraila) izan ondotik.

   Bestalde, 2013tik gertatu den bezala, hobetzen jarraitzen du egoera pertsonalaren pertzepzioak (6,4, 0tik 10erako eskalan), baita Euskadikoarenak (5,8) eta Espainiakoak (4,1) ere, nahiz eta azken hori EAEkoa baino nabarmen okerrago ikusi. Gainera, Euskadiko biztanleek uste dute aurten egoera hori hobetu egingo dela. Duela bi hamarkadatako datuekin alderatuta, gaur egungo EAEko gizartea ez da ordukoa bezain positibo azaltzen egoera pertsonalari dagokionez, baina orduan baino hobeto ikusten ditu Euskadiko eta Espainiako egoerak.

   Buruzagi politikoei dagokienez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria da 0tik 10erako eskalan 5etik gorako nota lortu duen bakarra (5,3). Haren atzetik datoz EAJko Andoni Ortuzar (4,7), Sortuko Hasier Arraiz (4,4), PSE-EEko Idoia Mendia (3,9), PPko Alfonso Alonso (2,3) eta, azkenik, UPyDko Gorka Maneiro (2,0).

   Azkenik, Euskadin demokraziak duen funtzionamenduarekiko poztasun maila "nabarmen" hobetu da, eta 2002an neurtzen hasi zenetik jasotako maila gorenera heldu da. Horrela, herritarren %62k dio oso edo nahiko pozik dagoela; ehuneko hori %29ra bakarrik iristen da Espainiako demokraziari buruz galdetutakoan, eta %31ra Europari buruz galdetuta.