EAEko hizkuntzaren industriak 602 milioi fakturatu zituen eta 3.300 laguni eman zien enplegua iaz

Languneko arduradunak
Foto: LANGUNE
Actualizado: martes, 14 febrero 2012 13:44

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hizkuntzaren industriak 602,4 milioi euro fakturatu zituen eta 3.307 pertsonari eman zien enplegua 2011. urtean. Horrek esan nahi du sektoreak Europan daukan bolumenaren %7 eta mundu mailako %3 izan zela EAEn. Lurraldeka negozioak duen banaketari dagokionez, sektoreko enpresen %50 Gipuzkoan kokatuta daude, %40 Bizkaian eta %10 Araban. Gainera, langileen %77k 45 urte baino gutxiago du.

   Donostian Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatean egin den bileran eman dute datu hauen berri, Langune Hizkuntzaren Industrien Euskal Herriko Elkartearen III. Batzar Nagusian, hain zuzen ere. Elkarteak 30 erakunde baino gehiago hartzen ditu barne (enpresa, zentro teknologiko, erakunde unibertsitateetako ikerketa talde), azpisektore hauetan ari direnak: itzulpengintza, irakaskuntza, edukiak eta hizkuntza teknologiak.

   Langune Elkarteak aurreikusi du 2012an zehar sektorea %3 inguru haziko dela. Horixe eman dute aditzera prentsaurrekoan Languneko presidente Josu Waliñok, diruzain Ritxi Lizarzak eta zuzendari nagusi Fernando Alanak.

   Waliñok nabarmendu egin du hizkuntzaren industria etengabe aldatzen eta hazten ari dela. "Jendea hasi dira jada ikusten hizkuntzak ekonomiaren hazkundearen bultzatzaile gisa eta ez kostu gisa, produktua kanpoko merkatuetan saltzeko erabiltzen direnean", adierazi du.

   "Hizkuntzaren industria -gaineratu du Languneko presidenteak- ere hazten ari da eta garrantzizkoa da Euskadin, eta eleaniztasunari esker gure gizartean guztiz errotutako sektore bihurtu da, eta sektore estrategiko bihurtu".

   Waliñoren arabera, eleaniztasuna enpresetan hazten doan beharra da, eta erakundeen hizkuntza trebetasunak "ezinbesteko arma dira merkatuetan eta produktibitatean enpresentzat". Aitzitik, hizkuntza trebetasunak, "oraindik ere", euskal enpresa ehunaren eta ehun soziolaboralaren "gabeziarik nabarmenetako bat" direla ohartarazi du. "Horregatik, garrantzitsuak dira Langunek zeharkako sektore gisa gure ekonomiako beste sektoreetara eskain ditzakeen zerbitzu eta produktuak", esan du.

   Bestalde, Alanak nabarmendu du beste sektore batzuekin alderatzen bada ikusten dela hizkuntzaren industriak EAErentzat izan dezakeen garrantzia. Alanak azaldu duenez, "merkatu europarraren %7 da, eta EAEn finkatuagoak diren beste sektore batzuk, garraioa eta telekomunikazioak, esate baterako, merkatu europarraren %0,74 eta %1,33 dira".

LANGUNE

   Alanak azaldu du Langune Elkartea ofizialki 2010ean eratu zela sektoreko enpresen talde baten lankidetzari esker, haien hazkundea bultzatzeko eta Europan elkarte erreferente bihurtzeko. "Nazioartean gertatzen den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntzaren industria oso sektore banakatua da. Langunek helburu nagusitzat dauka geroz eta globalizatuagoa den merkatu batean garantiaz lehiatzeko beharrezko den masa kritikoa eratzea", esan du.

   Hori lortzeko, sektorea egituratu eta batze aldera egiten dute lan Langunen, "merkatu berrietara salto egiteko eta beste aukera batzuk bilatzeko EAEko beste sektore batzuekin eta Administrazioarekin". "Hala -iragarri du zuzendari nagusiak-, Langune bete-betean dago aurrekluster bihurtzeko lanean".

   Gaur egun, munduko hizkuntza zerbitzuen merkatua 10.536 milioi euro dela jotzen da eta merkatu globalaren %43, 4.500 milioi euro inguru, merkatu europarrari dagokionez.

   Langune 2010ean eratu zen, Gipuzkoa Berritzen-Innobasque plataformaren baitan 2008ko otsailean martxan jarritako lantalde batek bi urtez egindako lanaren ondorioz, eta 30 enpresa baino gehiago biltzen ditu, itzulpengintza, eduki, irakaskuntza eta hizkuntzen teknologien arlokoak. Helburua hizkuntzaren industria garatu eta haztea da, baliozko zerbitzuak emanez elkartekideen eta sektorearen mesedetan.