EAEko industria prezioek aldaketarik ez ekainean, aurreko hilaren aldean

Actualizado: martes, 21 julio 2015 12:59

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria prezioen indizeak lehengoan iraun zuen (%0,0) joan den ekainean, aurreko hilaren aldean. Datu horiek aintzat hartuta, ekaineko urte arteko tasa, azken 12 hilabeteetan industria prezioek izandako aldaketa laburbiltzen duena, %2,5 jaitsi zen, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) landutako datuen arabera.

   Sektorekako azterketa xeheagoak agerian uzten du ekainean energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%2,4) eta altzariak eta beste manufaktura industriak (%0,6) adarrek gehitu zituztela gehien prezioak, aurreko hilaren aldean. Jaitsierarik handienak kokeriak eta petrolioa fintzea (%-2,2) eta material eta ekipo elektrikoaren fabrikazioari (%-0,6) dagozkie.

   Urte arteko aldian, joan den ekainean, 2014koaren aldean, prezioen hazkunderik handienak garraio materialaren fabrikazioa (%1,1) eta produktu farmazeutikoen fabrikazioan (%0,9) izan dira, eta jaitsiera handienak, berriz, kokeriek eta petrolio fintzeak (%-17,5), industria kimikoek (%-1,7) eta erauzketa industriek (%-1,7) nabaritu dute.

   Bestalde, ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, ekainean, sektore talde handien prezioen bilakaerak positiboak izan ziren energian eta ekipo ondasunetan, %0,1 bietan. Bitarteko ondasunenak eta kontsumo ondasunenak, aldiz, %0,2 jaitsi ziren; azken hauen barruan, kontsumo ondasun ez iraunkorren prezioak %0,3 jatsi ziren, eta iraunkorrenetan ez zen aldaketarik egon (%0,0).

   Urte artean, ondasun talde handi hauen prezio aldakuntzek zeinu ezberdinak erakusten dituzte. Ekipo ondasunenak %0,4 gehitu dira, baina, aitzitik, energia (%-11,2), bitarteko ondasunak (%-0,4) eta kontsumo ondasunak (%-0,8) jaitsi egin dira; azken horien barruan, kontsumo ondasun ez iraunkorren prezioak %1,0 behera egin du, eta iraunkorrenak %0,3.