EAEko industrialdeek bikaintasun eta lehiakortasun bereizgarri bat eskuratu ahal izango dute

Industrialde bat
SPRILUR
Actualizado: lunes, 6 febrero 2017 11:33

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industrialdeek bikaintasun eta lehiakortasun bereizgarri bat izango dute, enpresa guneen zaintzaren inguruko gaietan sentsibilizatzeko eta mantenimendu eta zerbitzu maila identifikatu eta sailkatzeko helburuarekin. Proiektu pilotuak EAE, Katalunia, Galizia, Extremadura, Madril, Valentzia eta Balear Uharteetako hamar industrialde aztertuko ditu, bikainenak sarituko ditu eta haietan kokatzen diren jardueren lehiakortasuna sustatuko du.

Enpresa guneen kalitate marka indartzeko ekimena CEPE Espainiako Enpresa Industrialdeen Koordinakundeak abiarazi du, eta Sprilur euskal sozietate publikoak bere zuzendaritza batzordeko kide modura parte hartuko du. CEPEko bazkideek egindako "gogoeta sakon batetik sortu da ekimen hori", iruditzen baitzaie "ezinbestekoa" dela enpresa guneetan egiaztapen marka izatea, Sprilurreko iturriek adierazi dutenez.

Modu honetan, EAEko industrialdeek "bandera urdina" bezalako egiaztagiri bat eskuratu ahal izango dute euren kalitatea saritu eta bereizteko. Ziurtagiri horrek baloratu eta baliozkotuko du azpiegituren, zerbitzuen eta inguruan dituzten beste aldagai batzuen kalitatea.

Ekimenaren bidez gutxiengo prestazio eta kalitateak izatea saritu eta egiaztatuko da hainbat arlotan, hala nola zerbitzu eta azpiegituretan (argiztapena, aparkalekuak, telekomunikazioak), oinarrizko zerbitzuen kudeaketa eta horniduretan (argindarra, gasa, ur sareak), enpresa gunearen kudeaketan, enpresei ematen zaizkien zerbitzuetan (zaintza, prestakuntza, teknologien modernizazioa, laneko eta etxeko bizitzak bateratzea), mugikortasun eta garraioan, gizartearen edota ingurunearen eraginean. Gaitasun eta mantenimendu mailak baliozkotuko dira guztietan.

"BANDERA URRDINAK"

Parte hartuko duten autonomia erkidegoek uste dute "funtsezkoa" dela enpresa guneen kudeaketan eta erabilpenean inplikatutako eragile guztiek enpresa guneok behar bezala zaindu eta mantentzearen aldeko apustua egitea. "Hala, euren kalitate eta zerbitzu mailak baloratuz eta sailkatuz, posible izango da enpresa guneak sailkatzea hotelak izarrekin edo hondartzak bandera urdinekin egiten diren bezala", adierazi dute.

Horrela, besteak beste, udalek, foru aldundiek, erakunde sustatzaileek, kontserbazio erakundeek, jabe komunitateek edota enpresari elkarteek eskatu dezakete marka edo bereizgarri bat enpresa guneentzat. Marka hauek onuragarriak izango dira enpresa elkarte, langile, kudeaketa erakunde, udal eta erabiltzaileentzat, "denei ekarriko baitie balio erantsia, lehiakortasuna, ongizatea eta garapen ekonomikoa".

Esperientzia pilotua EAE, Katalunia, Galizia, Extremadura, Madril, Balear Uharte eta Valentziako hamar industrialdetan egingo da aurrena. Lantalde tekniko aditu bat hasi da jada diagnostiko azterketa bat egiten segurtasun, garbiketa, azpiegitura telematiko eta garraio arloetan.