EAEko Lehen Hezkuntzako ikasleen %23k tratu txarren bat pairatu du

"Ikaskideen arteko tratu txarrak 2016" ikerketaren datuak eman dituzte
ISTOCK
Actualizado: viernes, 7 agosto 2020 13:43

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Lehen Hezkuntzako ikasleen %22,7k eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoen (DBH) %19,2k dio tratu txarren bat pairatu duela, Hezkuntza Ebaluaziorako eta Ikerketarako Euskal Institutuak egin duen "Ikaskideen arteko tratu txarrak 2016" txostenaren datuen arabera.

Ikerketa EAEko Lehen Hezkuntzako 93 ikastetxetan eta DBHko 92 ikastetxetan egin da. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako 5.962 ikaslek eta DBHko 1., 2., 3., 3. eta 4. mailetako 7.610 ikaslek parte hartu dute.

Gasteizen aurkeztu dute ikerketa, prentsaurreko batean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta Xabier Aizpurua Hezkuntza Ebaluaziorako eta Ikerketarako Euskal Institutuaren zuzendariak.

Horrela, 2016ko tratu txarren indize orokorra Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako tratu txarren 18 jokabidetan eta DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailetako tratu txarren 19 jokabidetan oinarrituz ondu da, eta kontuan hartu dira ikasturtea hasi zenetik "sarritan" edo "beti" errepikatuta gertatzen diren horrelako jokaerak.

Modu honetan, 2016ko ebaluazioan, Tratu Txarren Indize Orokorra Lehen Hezkuntzan %22,7 da eta DBHn, berriz, %19,2, hots, 100 ikasletatik Lehen Hezkuntzan 23k eta DBHn 19k esaten dute "sarritan" edo "beti" gutxienez tratu txar bat paraitu dutela. Tratu txarren indize orokorraren portzentajea 3,5 puntu handiagoa da Lehen Hezkuntzan DBHn baino: aldearen azalpena da ikasleen heldutasun maila eta haien garapen moralaren inplikazioa.

Halaber, 2005eko datuak erreferentziatzat hartuz, 2016an %2,0 puntu gehiago dira berdinengandik tratu txarra jasaten dutela diotenak Lehen Hezkuntzan, eta %6,9 gehiago DBHn. Erreferentziatzat 2012ko datuak hartuz gero, hots, %21,0 Lehen Hezkuntzan (5. eta 6. mailak bakarrik hartuta) eta %14,6 DBHn, Lehen Hezkuntzan %1,3 puntu jaisten da Tratu Txarren Indize Orokorra eta DBHn %4,2 puntu igotzen da berdinengandik bullying jasan dutela dioten ikasleen ehunekoa.

Ikerketaren aurkezpenean azaldu dutenez, eta osoki baieztatu ezin den arren, tratu txarren indize orokorra goraka joatearen arrazoia izan daiteke "tratu txarrak gizartean gero eta ikusgarritasun handiagoa izatea". Lehen "ume kontuen" borrokak eta sesioak zirenak, orain jazarpen ekintzen artean sartzen dira. Gainera, gero eta beldur gutxiago zaio "estigmatizazioari" eta aiseago onartzen da norbere seme-alabak
kalean ikusten zaizkion arazoak dituela.

TRATU TXAR MOTA

Bestalde, biktimetan ehuneko handiena duen tratu txar mota ahozko tratu txarra da (%16,2 Lehen Hezkuntzan eta %13,4 DBHn), bigarren tratu txar moten ehunekoak bikoizten baititu: gizarte bazterketa Lehen Hezkuntzan (%8,3) eta jabetzei egindako erasoa DBHn (%5,7).

Halaber, ciberbullying larria Lehen Hezkuntzan (%3,3) eta DBHn (%3,1) ia berdinak dira. Lehen Hezkuntzan, tratu txarra jolastokian egiten da batez ere (%37,3), eta biktima dagoen klase bereko (%52,3) mutil batzuek (%38,4) egiten dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, tratu txar egoeren %33,5 klasean gertatzen dira eta, Lehen Hezkuntzan gertatzen den bezala, biktimaren ikasgela berekoak (%62,2) diren mutilek egiten dituzte (%39,2).

Gainera, biktimek, hala Lehen Hezkuntzan nola DBHn, gehiago jotzen dute familiara eta lagunetara gertatzen zaienaz hitz egiteko, ikastetxeko profesionaletara baino. Lehen Hezkuntzako %26,6k eta DBHko %22,1ek, batzuetan, ez diote inori kontatzen, eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %4,4k, berriz, inoiz ez du hitz egiten inorekin, ezta DBHko ikasleen %6,3k ere.

Azkenik, lagineko ikastetxeetako zuzendaritza taldeen iritziz, tratu txar egoerak gertatzen direnean, ia irakasle guztiek zuzenean hitz egiten dute inplikatutako pertsonekin (LHn% 97,8 eta DBHn %94,6), gaia klasean tratatzen dute (LHn %95,7 eta DBHn %78,5) eta familiarekin hitz egiten dute (LHn %89,2 eta DBHn %92,5). Tratu txarrak gertatzen diren kasuen %60 eta 80an, zuzendaritza taldeak esku hartzen du, jakinarazpen (parte) bat prestatzen da edo orientazio sailera bideratzen da.