EAEko merkataritzaren salmentak %3 igo dira 2011ko hirugarren hiruhilekoan

Actualizado: viernes, 11 noviembre 2011 14:51

BILBO, 11 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritzaren sektorean 2011. urteko hirugarren hiruhilekoan egindako salmenta nominalak %3,0 hazi ziren, aurreko ekitaldiko hiruhileko beraren aldean. Aurreko hiruhilekoaren aldean berriz, salmenten indizeak ez zuen aldaketarik izan (%0,0), urtaro-eraginak kenduta, Eustaten datuen arabera.

Sektoreka, 2010eko aldi beraren aldean, EAEko handizkako merkataritzako salmenta nominalak %4,8 handitu ziren 2011ko hirugarren hiruhilekoan eta %0,3 txikizkako merkataritzan.

Handizkako merkataritzari dagokionez, kontuan hartutako sektore guztietan gertatu zen hazkundea. Makineria eta tresneriaren sektorea %8,1 hazi zen, eta produktu erdilanduen eta txatarraren sektorea %7,0. Nekazaritza eta elikadura produktuen sektorea %5,1 igo zen eta elikagai ez diren kontsumo-produktuen sektorea %1,3.

Lurraldeka, 2011ko hirugarren hiruhilekoko merkataritza sektorearen salmenta nominalen igoerarik handiena Araban izan zen, urte arteko %4,7rekin; Gipuzkoan salmenta nominalak %3,0 hazi ziren, eta Bizkaian %2,5.

Bestalde, termino errealetan, prezioen eragina kenduta, EAEko barne-merkataritzaren salmentak %1,1 jaitsi ziren urteko hirugarren hiruhilekoan. 2010eko hiruhileko beraren aldean eta prezio finkoetan, handizkako merkataritzan %0,1 hazi ziren salmentak, eta txikizkakoan %2,7 murriztu.

Handizkako merkataritzaren barruan urte artekoak ezberdinak izan ziren. Horrela hazi egin ziren makineria eta tresneriaren salmentak (%6,6), nekazaritza eta elikadura produktuenak (%2,2) eta elikagai ez diren kontsumo-produktuenak (%1,5). Aitzitik, produktu erdilanduen eta txatarraren salmentak %2,2 jaitsi ziren, beti termino errealetan.

Txikizkako merkataritzan, euro finkoetan, %3,1 jaitsi ziren merkataritza espezializatuaren salmentak eta %2,3 ez-espezializatuarenak.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidego osoan, 2011ko bigarren hiruhilekoaren aldean, merkataritzako sektoreko landunen kopurua %0,2 jaitsi zen 2011ko hirugarren hiruhilekoan.