Foto: Europa Press
BILBO, 9 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritza sektorearen salmenta nominalek ez zuten aldaketarik izan (%0,0) 2011. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko ekitaldiko hiruhileko beraren aldean. Aurreko hiruhilekoaren aldean, salmenta-indizeak %0,1eko jaitsiera izan zuen, urtaro-eraginak kenduta. Modu honetan, urte osoan igoera %2,0koa izan zen, Eustaten datuen arabera.
Sektoreka, 2010eko aldi beraren aldean, EAEko handizkako merkataritzaren salmenta nominalak %1,0 gehitu ziren joan den urteko laugarren hiruhilekoan, eta txikizkako merkataritzan %1,5 jaitsi ziren.
Handizkako merkataritzari dagokionez, Nekazaritza eta elikadura produktuen sektorea nabarmend zen, %3,6ko igoera nominalarekin. Produktu erdilanduen eta txatarraren sektoreak ere gora egin zuen (%2,9). Makineria eta tresneriaren sektoreak ez zuen aldaketa nabarmenik izan bere salmentetan (%0,0), aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Elikagai ez diren kontsumo-produktuen sektoreak, ordea, behera egin zuen salmenta nominaletan (-%6,4). Txikizkako merkataritzan, euro finkoetan, %1,6 jaitsi ziren merkataritza espezializatuaren salmentak, eta %1,0 ez-espezializatuarenak.
Lurraldeka, 2011ko laugarren hiruhilekoko merkataritza sektorearen salmenta nominalen igoerarik handiena Gipuzkoan izan zen, urte arteko %2,3rekin. Araban salmenta nominalak %0,6 hazi ziren. Bizkaian, ordea, behera egin zuten (-%1,4).
Termino errealetan, prezioen eragina kenduta, barne-merkataritzaren salmentak %3,2 jaitsi ziren laugarren hiruhilekoan. 2010eko hiruhileko beraren aldean, eta prezio finkoetan, handizkako merkataritzan %2,9 gutxitu ziren egindako salmentak, eta txikizkakoan %3,3 murriztu ziren.
Handizkako merkataritzaren barruan urte arteko bilakaerak ezberdinak izan ziren. Nekazaritza eta elikadura produktuen salmentak %1,3 igo ziren; aitzitik, Produktu erdilanduen eta txatarraren handizkako salmentak %5,4 jaitsi ziren, Elikagai ez diren kontsumo-produktuenak %5,0, eta Makineria eta tresneriaren salmentek %0,7 egin zuten behera, beti termino errealetan.
Txikizkako merkataritzan, euro finkoetan, %3,3 jaitsi ziren merkataritza espezializatuaren salmentak, eta %3,0 ez-espezializatuarenak. EAE osoan, 2011ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, merkataritzako sektoreko landunen kopurua %0,5 jaitsi zen 2011ko laugarren hiruhilekoan.
2011KO BALANTZEA
Urte osoko balantzeari dagokionez, barne merkataritzaren salmentek %2,0ko igoera nominal metatua izan zuten. Lurraldeka, Arabak izan zuen portaerarik onena, %4,6ko igoerarekin urte osoan. Gipuzkoan igoera %2,8koa izan zen, eta Bizkaian %0,8koa, betiere tasa nominaletan.
Termino errealetan, EAEn sektoreak %2,5eko jaitsiera izan zuen. Bizkaiak %2,9ko beherakada izan zuen, Gipuzkoak %2,3koa eta Arabak %1,5ekoa.
Azkenik, 2011n, aurreko urteko batez bestekoaren aldean, merkataritza sektoreko enpleguan gertatutako murrizketa %1,5ekoa izan zen. Lurraldeka honela islatu zen beherakada: Bizkaian %1,0 jaitsi zen, eta Gipuzkoan eta Araban %2,0.