EAEko nazioartekotutako enpresetako arduradun ugari bilduko ditu ostegun honetan MIB masterraren amaierako ekitaldiak

Actualizado: jueves, 26 febrero 2015 10:47

DONOSTIA, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

MIB International Business Masterraren bigarren edizioaren amaierako ekitaldia izango da ostegun honetan, otsailaren 26an, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Jardunaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) nazioartekotutako enpresetako arduradun eta zuzendari ugari izango dira.

Hasteko, Amaia Arizkuren MIBen zuzendariak hitz egingo du, eta ondoren, Ciara O'Higgins Tecnalia Research-Innovationeko nazioarteko proiektuen arduradunak masterraren amaierako hitzaldia egingo du: "International Business Profesionals: Born or made?". Jarraian, MIBeko ikasleen agurra etorriko da, eta diplomak banatzeko ekitaldia.

Deustuko Unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, ekitaldian EAEko nazioartekotutako enpresetako zuzendari eta arduradun ugari egongo dira, hala nola Onura, Tecnalia, Ormazabal, Indolink Consulting, Spri, Bsk, Satlatis edo Laboral Kutxakoak.

Master in International Business masterrak derrigorrezko praktikak ditu, kultur ezberdinen arteko giroan lan egiten da eta enpresa munduarekin harreman estuan dihardu. EAE osoko nazioarteko negozioetako lehenengo unibertsitate masterra da, eta ingelesez ematen da.

Bere arduradunek nabarmendu dute aitzindaria dela bi aldetatik: batetik, erakundeen globalizazioan espezializatu nahi duten etorkizuneko zuzendarientzat da aitzindaria, eta bestetik, nazioarteko kudeaketa hobetu behar duten enpresentzat.

Masterra edozein herrialdetako gazteek egin dezakete, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaturari edo graduari dagozkion gaitasunak edo baliokideak badituzte. Etorkizuneko enpresa zuzendariei laguntzen die atzerriko negozio aukera identifikatzen eta nazioarteko enpresa estrategia diseinatzen eta gauzatzen, kontuan hartuta erakundeetako funtzio arlo bakoitzeko nazioarteko kudeaketaren alderdi gakoak eta munduko eremu geografiko bakoitzaren ezaugarriak. Programak derrigorrezko praktikak ditu, edozein herrialdetako enpresa nazioartekotuetan.