EAEko osasunaren arloko 220 lagun bildu dira BECen, Horizonte 2020 europar programari buruzko jardunaldian

Jardunaldiaren inaugurazioa
Foto: OSAKIDETZA
Actualizado: martes, 21 enero 2014 17:30

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasunaren arloko erakunde publiko eta pribatuetako eta antzeko beste erakunde batzuetako 220 lagun baino gehiago izan dira gaur, urtarrilaren 21ean, Horizonte 2020 Europar Batasunaren programari buruzko informazioa emateko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osasun Berrikuntza eta Ikerkuntzako Euskal Fundazioak Barakaldoko (Bizkai) BECen antolatu duten jardunaldian.

   Topaketa euskal ikertzaileentzat izan da, eta Horizonte 2020 programak osasun arloko ikerketa, garapen eta berrikuntza (I+G+B) proiektuetarako eskuragarri jarri dituen finantzaketa aukerak ezagutzera eman dituzte, antolatzaileek adierazi dutenez.

   Orobat, Europan EAEko osasunaren arloko I+G+b-ko lidergoa eta arrakasta erakusten duten hainbat kasu aurkeztu dituzte, eta "erreferentziatzat" jo dituzte finantziazio hori lortu eta Europako proiektuetan parte hartu nahi duten ikertzaileentzat. Jardunaldian parte hartu dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari Maria Agirrek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Mendekotasunen zuzendari Miren Dorronsorok.

   Horizonte 2020 programarako, Europar Batasunak 76.880 milioi euro eman ditu, gizarteko erronka nagusiei heltzen, Europan industriaren lidergoa sustatzen eta horren oinarri zientifikoaren bikaintasuna sendotzen lagunduko duten hiru oinarri aztertzeko.

   Jaurlaritzako ordezkariez gain, Marta Gomez Quintanilla Horizonte 2020 / Zazpigarren Esparru Programako osasun arloko ordezkari espainiarrak, Roberto Bilbao Ikerketarako Euskal Biobankuko zientzialari zuzendaria eta Virginia Arechavala Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko eta BioCruces Osasun Ikerkuntzako Institutuko kideak ere parte hartu dute jardunaldian, besteka beste.