EAEko toki erakundeek jasangarritasun politiketan gastatzen duten euro bakoitzak 2,3 euro sortzen ditu ekonomian

Actualizado: miércoles, 16 septiembre 2015 13:00

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Udalsarea 21 sarean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udal eta toki erakundeek tokiko jasangarritasuneko politiketan inbertitzen duten euro bakoitzak 2,3 euro sortzen ditu euskal ekonomian. EAEn tokiko jasangarritasunaren kudeaketatik heldu den eragin ekonomikoa ebaluatzeko Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareak egindako azterlan baten ondorioetako bat da hori.

   Azterlanak dio toki erakundeek jasangarritasun politiketan zuzenean gastatutako euro bakoitzak berarekin dakarrela beste eragile batzuek beste 1,1 euro gastatzea. Horrela, Udalsarea 21ek argitaratutako "EAEko tokiko jasangarritasun politiken eragin ekonomikoa" txostenaren ondorioa da toki erakundeek gastatutako euro bakoitzak 2,3 euro sortzen dituela ekonomian.

   Bestalde, enpleguari dagokionez, tokiko jasangarritasunarekin lotutako gastuetara bideratutako milioi euro bakoitzeko 17 lanpostu sortzen dira. Txostenak nabarmentzen du itzulkin fiskala %51koa dela, hau da, inbertitutako 100 euroko 51 euro Ogasun Publikora itzultzen dira zergen bidez.

   Udalsarea 21en txostenaren ondorio horiek, Udalsarea 21eko kideek EAEn egiten dituzten tokiko jasangarritasun politiken eragin ekonomikoa ebaluatu eta kalkulatzeko oinarri metodologikoak adostu eta ezartzeko lantalde baten baitan lortutako informaziotik heldu dira. Lantalde horretan Euskadiko 12 toki erakundek parte hartu dute.

   Udalsarea 21ek 2014ko otsailean abian jarritako esperientzia pilotuan honako udalerriek parte hartu zuten aktiboki: Asparrena (1.652 biztanle), Balmaseda (7.829), Basauri (41.624), Berango (6.925), Durango (28.220), Elburgo (624), Maruri-Jatabe (945), Gasteiz (242.082) eta Iruraiz-Gauna (511). Eskualde mailan, berriz, honako hauek parte hartu zuten: Aguraingo Kuadrilla (12.520 biztanle), Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea (36.319) eta Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal erakundeko (108.745) Jasangarritasun Bulegoa.

   Azterlana egiteko toki erakunde bakoitzak emandako informazio ekonomikoan lurralde eta ingurumen izaerako eta izaera sozio-ekonomikoko 18 arlo hartu ziren kontuan, baita tokiko jasangarritasunari lotutako gastu arruntak eta langile gastuak ere.