EAEko unibertsitateetan 66.286 ikasle matrikulatu ziren 2016-2017 ikasturtean, aurrekoan baino %0,8 gutxiago

Unibertsitate ikasleak
EUROPA PRESS/UCLM - Archivo
Actualizado 2018/09/14 11:40:23 CET

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitateetan 66.286 ikasle matrikulatu ziren 2016-2017 ikasturtean, aurrekoan baino %0,8 gutxiago. Gradu eta graduondoetan matrikulaturiko ikasleak igo arren, jaitsiera hori gertatu zen, ez baitziren aski izan lehen eta bigarren zikloko ikasketen desagerpenak orekatzeko, Eustat erakundeak jakinarazi duenez.

Graduko ikasleak guztien %85 izan ziren, aurreko ikasturtean baino %0,7 gehiago. Halaber, ia zeharo desagertu ziren lehen eta bigarren zikloko ikasketak. Gainerako %15 graduondoko ikasketetan matrikulatu zen, alegia, master ofizialetan eta doktoretza ikastaroetan; masterretan %2,6ko igoera gertatu zen, eta %0,6ko jaitsiera doktoretzen kasuan.

Unibertsitate publikoak lau ikasletik hiru hartu zituen, azken zazpi urteetan %7 puntu galduta. Master ofizialetan ikasleen %60 zentro publikoetan egon ziren, eta %86 doktoregoetan. Ikasleen %59k Bizkaian ikasi zuen, %29k Gipuzkoan eta %12k Araban.

Emakumeak gehiengoa izan ziren unibertsitate ikasleen artean. Hain zuzen, graduko ikasketetan %8 puntu gehiago ziren gizonen aldean, %3,5 puntu gehiago doktoregoetan eta %1,8 puntu gehiago masterretan. Nolanahi ere, azken sei urteetako matrikulen bilakaera ikusirik, gizonen presentziak %1,9 eta emakumeenak %0,3 igo direla atzeman da.

Graduko matrikulen erdiak ikasketa hauetan bildu ziren 2016-2017 ikasturtean: Enpresen administrazio eta zuzendaritza (5.610), Lehen mailako hezkuntza (3.845), Zuzenbidea (3.520), Psikologia (2.810), Ingeniaritza mekanikoa (2.269), Haur hezkuntza (2.110), Medikuntza (1.864), Erizaintza (1.521), Industria teknologiako ingeniaritza (1.419), Gizarte hezkuntza (1.411) eta Gizarte-lana (1.234).

Gizonen artean, erdiak 11 karreratan banatu ziren, haietako lau ingeniaritzak: Enpresen administrazio eta zuzendaritza (2.785), Ingeniaritza mekanikoa (1.906), Lehen mailako hezkuntza (1.677), Zuzenbidea (1.373), Industria teknologiako ingeniaritza (1.029), Ingeniaritza elektroniko industriala eta automatikoa (973), Ingeniaritza informatikoa (789), Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak (754), Psikologia (646), Negozioen kudeaketa (550) eta Medikuntza (533).

Emakumeen erdiak, aldiz, zortzi titulaziotan egon ziren: Enpresen administrazio eta zuzendaritza (2.825), Lehen mailako hezkuntza (2.168), Psikologia (2.164), Zuzenbidea (2.147), Haur hezkuntza (1.886), Medikuntza (1.331), Erizaintza (1.262) eta Gizarte hezkuntza (1.076).

IKASLE "BERRIAK"

Bestalde, 2016-2017 ikasturtean 14.757 ikasle aurreneko aldiz matrikulatu ziren graduren batean EAEko unibertsitateetan; ikasle "berriak" %26 izan ziren, aurreko ikasturtean baino %3,5 gutxiago. Unibertsitate publikoetan %3,8 ikasle berri gutxiago izan ziren; hala ere, berrien %72 publikoetara joan ziren, eta %28 pribatuetara.

Halaber, 2016-2017 ikasturtean ikasketak amaitu zituzten 12.867 gazteetatik, 8.897k graduatu titulua eskuratu zuten, 3.204k master ofizialekoa eta 764k doktoregokoa. Aurreko ikastaroaren aldean, positiboa izan zen aldakuntza graduetan (%2,2) eta master ofizialetan (%1,0), baina onarturiko tesiak 80 gutxiago izan ziren (-%9,5). Jaitsiera hori koiunturala da, aurreko ikasturtean izan zen gehikuntza nabarmenari esker gertatua, doktoretza plan zaharren desagerpenarengatik.

EAEko unibertsitarien %48 zientzia sozial eta juridikoetan graduatu ziren 2016-2017 ikasturtean, eta ondoren, ingeniaritzetan eta arkitekturan (%24). Gainerako adarretan txikiagoak izan ziren zifrak: osasun zientzietan %13, arte eta humanitateetan %8 eta zientzietan %6.

Azkenik, hamar emakumetatik bost zientzia sozial eta juridikoetan graduatu ziren, 1,8 osasunzientzietan eta 1,3 ingeniaritzetan. Hamar gizonetatik lau ingeniaritzetan graduatu ziren, eta beste lau zientzia sozial eta juridikoetan.

Contador