EAEn 1.281 milioi euro gastatu ziren 2009an I+Gko jardueretan, BPGren %1,98

Actualizado: miércoles, 23 marzo 2011 11:25

BILBO, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.281 milioi euro gastatu ziren Ikerketa zientifiko eta Garapen Teknologiko (I+G) jardueretan 2009. urtean. Aurreko urteetan bezala, lau eskualdetan 100 milioi euro baino gehiago gastatu ziren: Bilbo Handian 488 milioi, Donostian 235 milioi, Arabako Lautadan 139 milioi eta Debagoienan 115 milioi. Denen artean EAEko I+Gko gastuaren %76,3 egikaritu zuten, 2008ko portzentaje bera.

Aurreko urteetan bezala, 2009an I+Gko gastu-portzentajerik handienak Gipuzkoako zenbait eskualdetan izan ziren, Eustaten datuen arabera. Debagoienak -Antzuola, Aretxabaleta, Elgeta, Eskoriatza, Arrasate, Oñati, Leintz-Gatzaga, Bergara- jarraitu zuen buru BPGren gaineko I+G gastuan EAEn, BPGren %4,58rekin 2009an. Debabarrena (%3,21), Donostia (%2,46) eta Goierri (%2,25) ere nabarmendu ziren. EAE osoan BPGren %1,98 gastatu zen I+Gko jardueretan, 27-EBn (%2,01) antzera eta Espainiako batez bestekoaren (%1,38) gainetik.

Sei eskualde kokatu ziren EAEko eta 27-EBko batez bestekoen gainetik: aurretik aipaturiko lauak eta Bizkaiko Arratia-Nerbioi (%2,09) eta Durangaldea (%2,04).

Dedikazio osoko baliokidetzan ari diren langileei dagokienez, eskualde horiek ikerketan ari ziren ikertzaile, teknikari eta laguntzaileen %78,3 hartu zuten. Emakumearen presentziari dagokionez, ikerkuntzan, EAEko batez bestekoa %34,0 izan zen 2009an, eta horren gainetik egon ziren Arabako Mendialdea, Donostia, Bilbo Handia, Arabako Lautada eta Markina-Ondarroa, hurrenkera horretan.

Araba izan zen I+Gko baliabiderik gehien eskualde bakar batean zituen herrialdea, eta Arabako Lautadan arabar ikerketa-gastuaren %86,2 (139 milioi euro) egikaritu zen. Bizkaian Bilbo Handia nabarmendu zen, 488 milioiko gastuarekin, I+G egikarituaren %80,1; ondoren, Durangaldeko gastua kokatu zen 69 milioirekin, Bizkaikoaren %11,3.

Gipuzkoak zuen sakabanaketa geografikorik handiena I+Gn; bi eskualdeetan 100 milioi baino gehiago egikaritu ziren. Donostiak -235 milioi- %46,1 hartu bazuen ere, Debagoiena nabarmendu zen, 115 milioirekin (%22,6). Azken eskualde horretan gastua ehuneko 2,6 puntuz hazi zen 2008aren aldean. Debabarrenak (52 milioi) eta Goierrik (49 milioi) lurraldeko gastuaren %10,2 eta %9,7 egikaritu zuten, hurrenez hurren.

ENPRESAK ETA ADMINISTRAZIOA

I+G gastua finantzatzeko orduan, EAEko enpresek 692 milioi jarri zituzten ikerketarako, hau da, guztiaren %54,0, eta administrazio publikoak 513 milioi inbertitu zituzten (%40,0). Gainerakoa goi mailako irakaskuntza-instituzioek (%2,5), beste instituzio pribatuek (%0,5) eta kanpotik etorritako diruak (%3,0) finantzatutakoa izan zen.

Bilbo Handiak eta Donostiak, I+G gasturik handiena egikaritu zutenak, jaso zuten administrazioren aldetik finantzaziorik handiena: %44,1 eta %53,2, hurrenez hurren. Aitzitik, haiek izan zuten enpresa-finantzaziorik txikiena: %48,3 eta %38,1, hurrenez hurren.

Gastuan garrantzitsuak diren beste bi eskualdeetan -Debagoiena eta Arabako Lautada- enpresek %61,3 eta %57,5 finantzatzen zuten, hurrenez hurren, eta administrazio publikoak %31,1 eta %39,5, hurrenez hurren.

Diziplina zientifikoetan, eskualde guztiek ingeniaritza eta teknologiara bideratu zituzten baliabideak, Arabako mendialdean izan ezik, non %100 zientzia mediko eta farmazeutikoetara joan zen. Nekazaritza-zientziak (arrantza barne) oso agerikoak ziren Gernika-Bermeon (%32,2), eta natura-zientziak Enkarterrietan (%27,7), Donostian (%20,4) eta Bilbo Handian (%14,0).