EAEn 2010eko hirugarren hiruhilekoan izan ziren ezkontzen ia %56 zibilak izan ziren

Actualizado: viernes, 11 marzo 2011 12:27

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2010eko hirugarren hiruhilekoan izan ziren ezkontzen %55,8 zibilak izan ziren, hau da, 2009ko aldi berean baino lau puntu gehiago, Eustaten datuen arabera. Portzentaje hori 2010eko bigarren hiruhilekokoaren azpitik dago, orduan ezkontza zibilak %65,1 izan baitziren.

Guztira, 2010eko uztailean, abuztuan eta irailean 2.704 ezkontza egin ziren EAEn, hots, aurreko urteko hiruhileko berean baino %5,4 gutxiago. Arabarrek 347 ezkontza egin zituzten, gipuzkoarrek 825 eta bizkaitarrek 1.454. EAEtik kanpo bizi zirenen kasuan, ezkontzak 78 izan ziren.

Ezkontzarik gehien (1.354) uztailean izan ziren, eta ondoren (965), irailean. Bestalde, aurrekoetan bezala, ezkontzarik gutxien (385) izandako udako hilabetea abuztua izan zen, aurreko urteko hil beraren aldean %26 gutxiago.

Halaber, 2010eko hirugarren hiruhilekoko 2.704 ezkontzetan, bizilekua EAEn zuten 2.619 gizonezko eta 2.656 emakumezko ezkondu ziren. Horietatik 2.399 senarrentzat (%91,6), lehen ezkontza izan zen, eta hamar alargun eta 210 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Emakumeen lehenengo ezkontzen ehunekoa gizonenaren antzekoa izan zen: aurretik ezkondu gabeko emakumeak 2.451 (%92,3) izan ziren, alargunak bederatzi, eta dibortziatuak 196.

Ezkontideek eztei-egunean zuten adinari erreparatuta, senarren artean %79,8k 30 urtetik gora zuten; emazteen artean, berriz, %65,4k. Aurreko urteko aldi beraren aldean, proportzioa bi sexuetan handitu zen, baina emakumeen artean gehiago: 2009an %62,1ek zeuzkaten 30 urte baino gehiago, eta gizonen artean %78,4k.

Bukatzeko, 2010. urteko udan zehar egindako ezkontzetan, gizonen %5,1 eta emakumeen %7,7 ez zuten espainiar nazionalitatea.