EAEn aurten egin diren jakinarazpen judizialen erdia baino gehiago modu telematikoan egin dira

Bileraren irudi bat
IREKIA
Actualizado: lunes, 29 febrero 2016 13:45

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtarrilaren 1etik egin diren jakinarazpen judizial guztien %55,4 modu telematikoan egin dira. Zehazki, 182.018 jakinarazpen judizial egin dira aurten orain arte, haietako 100.909 modu telematikoan.

   Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak eman ditu datuok astelehen honetan Bilbon, euskal justizia administrazioaren digitalizazio prozesua aztertzeko Bilboko Justizia Jauregian astelehen honetan egin den bilera batean. Erkoreka bera eta EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra izan dira bilerako buru.

   Euskadiko justizia administrazioan komunikazio sistema guztiz digital bat ezartzeko lanetan dabiltzan diziplina anitzeko talde guztiak ere egon dira bileran: Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren ordezkariak; EAEo Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu aretoa, gobernu idazkaria eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako idazkari koordinatzaileak; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Euskadirako bi kidek; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abokatuen elkargoetako bokalak eta Legelarien Euskal Kontseilukoak; eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako prokuradoreen elkarteetako eta Prokuradoreen Euskal Kontseiluko ordezkariak.

   Horrela, Erkorekak azaldu du Eusko Jaurlaritzak 139,9 milioi euroko inbertsioa egingo duela aurten Euskadiko justizia administrazioan, iaz baino %4 gehiago. Horietatik, 17,9 milioi euro informatika sistema judizialean inbertituko dira osorik. Lan horiekin lortu nahi den azken helburua Euskadiko justizia administrazioan paperik ez erabiltzea da.

APLIKAZIO PROPIOA

   Eusko Jaurlaritzak informatika aplikazio propioa sortu du Euskadiko justizia arloko profesionalen arteko komunikazioa kudeatzeko: JustiziaSip. Tresna hori guztiz integratua dago Eusko Jaurlaritzak espediente judizialak kudeatzeko diseinatutako kudeaketa prozesalaren sisteman (JustiziaBat). Ingurune informatiko itxi horrek segurtasun berme guztiak ditu eta jarduera judizial eta fiskal guztiak biltzen ditu.

   JusticiaSip aplikazioa %100ean ezarri da, eta guztiz erabilgarri dago EAEko hiru lurraldeetako abokatuen eta prokuradoreen sei elkargoetan eta hiru hiriburuetako barruti judizialetako jurisdikzio guztietan (zibila, penala administrazioarekiko auziena eta lan arlokoa).

   Aurten, gainera, Eusko Jaurlaritzak programa pilotu bat martxan jarri du jakinarazpen judizialen digitalizazioa izapide idazki batzuetara ere zabaltzeko (ahalmenak, probak, deklarazio eskaerak eta abar). Araban abokatutzan lanean ari diren pertsona guztiak eta hiru lurralde historikoetako 54 prokuradore ari dira programa horretan parte hartzen.

   Komunikazioen digitalizazioa konkurtsoko administratzaileetara, lan harremanetako gradudunetara eta euskal erakundeetako zerbitzu juridiko guztietara zabaltzea izango da hurrengo urratsa.