EAEn jaiotako haurren izen ugarienak Ane eta Markel dira

Jaioberri bat
Europa Press
Actualizado: viernes, 19 febrero 2016 12:05

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) jaiotako haurren izen ugarienak Ane eta Markel dira, eta ama atzerritarrek ere euskal izenak aukeratzen dituzte, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak ostiral honetan jakinarazi duenez.

   Horrela, 1996tik hona, Ane da neska izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena, EAEn 2012-2014 aldian jaiotakoen izenez ari delarik; ondoren, June, Irati, Nahia, Uxue, Izaro datoz. Mutilentzako izen ugarienak, Markel, Jon eta Ander dira, eta ondoren Oier, Iker eta Ibai.

   Halaber, 2012-2014 eta 2010-2012 aldiak konparatuz gero, Elene eta Martina sartzen dira aurreneko 25en artean, eta Eider eta Nerea irten. Mutilen artean, Alex eta Hugo sartu sartu dira, eta Aritz eta Urko irten.

   Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du, baina ehun izen ugarienen artean ez dago konposaturik bat ere, garai batean oso-oso ohikoak ziren arren. Euskal izenak dira nagusi, batzuetan bi grafia agertzen direlarik: Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion, Aritz-Haritz.

   Ama atzerritarrek ere euskal izenak aukeratzen dituzte, baina badago alderik sailkapena orokorraren aldean. Horrela, bost neska izen ugarienen arteko hiru -Ainhoa, Naiara eta Leire- euskal izenak dira; zerrendako aurrenekoa Sara da, hebrearra, eta bigarren Sofia, grekoa. Mutil izenetan Ander bigarren eta Iker laugarren dira (euskal izenak); aurrena Adam da, hebrearra; hirugarren Mohamed, arabiarra; eta bosgarren David, hebrearra.

   2012-2014 aldian ama izan zirenen izen ugarienak, Ainhoa, Leire, Nerea, Maria, Amaia, Ainara, Laura, Sonia, Marta eta Iratxe dira, gehienak 1973-1983 artean jaiotakoak; hiru izen ugarienak euskal izenak ziren, baina izen gaztelarrak oraindik asko erabiltzen ziren, batez ere Mariarekin konposatuak.

   Halaber, aldi horretan aita izan zirenen izen ugarienak, Aitor, Javier, David, Iker, Asier, Iñigo, Gorka, Mikel, Jon eta Iñaki dira. 1972 eta 1982 artean jaiotako gizonak ziren gehienak, eta izen konposatuak gutxituz joan diren heinean, euskal izenak gehituz joan dira.