EAEra urrian helduriko bidaiarien kopurua %2 gehitu da 2010ko hil berarekin alderatuta

Turistak Bilboko Guggenheim Museoan
Europa Press
Actualizado: martes, 22 noviembre 2011 11:46

BILBO, 22 Nov. (EUROPA PRESS) -

Guztira 210.686 bidaiarik hartu zuten ostatu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel-establezimenduetan, hau da, 2010. urteko hilabete berean baino 3.705 gehiagok, eta horrenbestez, %2ko gehikuntza izan da. Araban %8 igo da bidaiarien kopurua eta Bizkaian %5; Gipuzkoan, aldiz, %5 jaitsi da kopuru hori, Eustaten datuen arabera.

Espainiatik iritsitako bidaiarien kopuruak ez du aldaketarik izan (%0) eta beste herrialdeetatik etorritakoen kopuruak %6 egin du gora. Espainiako bidaiari gehiago izan da Araban eta Bizkaian, %5 eta %4 igo baitira, hurrenez hurren, lurralde hauetako kopuruak; Gipuzkoan, aldiz, %8 jaitsi da. Hiru lurraldeetan gehitu da beste herrialdeetatik etorritako bidaiarien kopurua: Araban %22 igo da, Bizkaian %7 eta Gipuzkoan %2.

Estatu espainiarreko bidaiarien artean, etorritako bidaiarien ehunekoei dagokienez, gehien hazi dira Errioxatik, Kantabriatik, Andaluziatik, Valentziako Erkidegotik eta Gaztela-Mantxatik etorritakoenak, baina gutxitu egin da, besteak beste, Madril, Asturias eta Nafarroatik etorritakoen kopurua. Beste herrialdeetako bisitarien artean, batez ere Alemaniatik, Erresuma Batutik, Italiatik eta Europako Ekialdetik etorritakoen kopurua gehitu da, eta jaitsi egin da Frantziatik, Portugaldik, Belgikatik, Danimarkatik eta Holandatik etorritakoena.

Bestalde, joan den urrian 399.677 gau igaro dituzte bidaiariek EAEko ostatuetan, hau da, aurreko urteko urriarekin alderatuta %0,3 gehitu da kopurua, guztira ia 1.107 gau gehiago igaro baitituzte. Igarotako gau kopuruak urte arteko bilakaera positiboa izan du Araban (%5eko igoera) eta Bizkaian (%1eko igoera), baina Gipuzkoan kopurua %3 jaitsi da.

Batez besteko egonaldiaren iraupenak behera egin du EAE osoan eta 2010eko urriaren aldean: 1,93 eguneko egonaldia izan zen 2010eko urrian eta urte honetakoan 1,90 egunekoa. Lurraldeka, Araban 1,85 egunetik 1,79 egunera jaitsi da egonaldia, eta Bizkaian 1,95 egunetik 1,88 egunera; Gipuzkoan, berriz, gora egin du: 2010eko urrian 1,93 egunekoa zen eta 2011ko urrian 1,97 egunekoa.

EAE osorako, plazen okupazio mailak ez du aldaketarik izan (%0), 2011ko urrian %48,45ekoa izan baita. Araban okupazio mailak %4 egin du gora: 2010eko urrian %40,86koa izan zen eta urte honetako urrian %42,39koa. Bizkaian %2 egin du behera, 2010eko urrian %50,14koa izan baitzen eta 2011ko urrian %49,31koa. Azkenik, Gipuzkoan ez da aldaketa handirik gertatu: 2010eko urrian %50,29ko okupazioa izan zen eta urte honetako urrian %50,22koa.

LANDA-TURISMOA

Bestalde, EAEko landa-turismoko establezimenduetan 10.316 bidaiari erregistratu dira urrian, eta beraz, establezimendu horietan 2010eko urrian erregistratu zirenekin alderatuta %1 gutxiago etorri dira. Lurraldeka, Araban ez da aldaketarik izan (%0), Bizkaian %12 egin du behera kopuruak eta Gipuzkoan %5 igo da.

Espainiatik etorritako bidaiarien kopurua %4 jaitsi da EAEn, eta lurraldeka, Gipuzkoan %3 igo da, Araban %8 jaitsi eta Bizkaian %11 jaitsi da. EAEra beste herrialdeetako %31 bisitari gehiago etorri da. Horien kopuruak "nabarmen" egin du behera Bizkaian, baina Araban eta Gipuzkoan, aldiz, atzerritarren kopuruak gorakada "nabarmena" izan du, ehunekoak aintzat hartuta.

Urrian, guztira, 23.278 gau igaro dituzte bidaiariek EAEko landa-turismoko establezimenduetan, eta horrela, aurreko urteko hil beraren aldean %9 jaitsi da gau kopurua. Urte arteko hazkunde tasak negatiboak izan dira hiru lurraldeetan: Araban %7 jaitsi da, Bizkaian %16 eta Gipuzkoan %5.

Bidaiarien batez besteko egonaldia laburtu egin da EAE osoan, 2010eko urriko batez bestekoaren aldean: aurreko urtean 2,45 egunekoa izan zen, eta urte honetako urrian 2,26 izan da. Beherapen hori hiru lurraldeetan gertatu da: Araban %7 jaitsi da batez besteko egonaldia, 2010eko urrian 2,23 egunekoa izan baitzen, eta 2011ko urrian 2,08 egunekoa; Bizkaian %5 jaitsi da batez besteko egonaldia, 2010eko urriko 2,43 egunetik 2011ko urriko 2,31 egunera; Gipuzkoan %10 jaitsi da batez besteko egonaldia, 2010eko urrian 2,57 egunekoa izan baitzen eta urte honetako urrian 2,32 egunekoa.

Azkenik, plazen okupazio mailak %10 egin du behera EAE osoan, %20,93tik %18,81era igaro baita, hiru lurraldeetan behera egin ondoren: Araban %12 jaitsi da, Bizkaian %14 eta Gipuzkoan %7.