EAJk "arduragabe" aritzea leporatu dio Espainiako Gobernuari

Joseba Egibar
Foto: EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 14 enero 2014 16:36

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Joseba Egibar GBBko presidente eta EAJren Legebiltzar Taldeko bozeramaileak "arduragabe" eta "ezer gertatu ez balitz bezala" aritzea leporatu dio Espainiako Gobernuari, ETAk bere jarduera amaitu zuela 27 hilabete pasa ondoren, ez duelako espetxe politika berririk martxan jarri.

   "Ziur dago erakundeak armak uzteko hartutako erabakia behin betikoa dela eta ez du erabakietan arriskatu nahi. Hori arduragabe jokatzea da", salatu du, Mariano Rajoyren Gobernuari "espetxe politika berri bat" exijituz.

   Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Egibarren gogorarazi du egungo espetxe politika "terrorismoaren aurkako erreminta" bezala diseinatu zela eta, beraz, ETAk bere jarduera amaitutzat eman duen momentuan, bere ustez, "salbuespen baldintza hori desargertu beharko litzateke, presoek norbanako birgizarteratzea modu egokian egin ahal dezaten".

   Halaber, Egibarrek azaldu du larunbatean "Giza eskubideak, bakea, konponbidea" lelopean Bilbon egin zen manifestazioan parte hartu zuten milaka herritarrek "mezu zuzena" helarazi ziotela Madrilgo Gobernuari eta "bultzada politikoek eraginda mugitzen diren epaileei". "Stop esan zaie. Bide horretatik ez jarraitzeko", ziurtatu du.

   Buruzagi jeltzaleak azpimarratu du "norabide anitzeko" mezua izan zela manifestazioak zabaldu zuena, bakearen alde lan egin nahi duten alderdiei eta ETAri ere zuzendua zegoelako, azken honi "armak entregatu eta erakundea desegitea eskatzeko".

   Bestalde, Egibarrentzat "harrigarria" da aurreko astean atxilotutako EPPKren mintzakideak ziren zortzi abokatuak espetxera bidaltzea ETAko kideak zirela egotzita, erakundeak bere jarduera utzi zuenetik dagoeneko bi urte igaro direlako.

   Horrela, gertakizun hauek guztiak kontuan hartuta, Egibarrek aurreratu du EAJk Euskadin bakea eta elkarbizitzaren alde "ibilbidea egiten" jarraituko duela. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Bake Plana defendatu du eta gainerako alderdiei arlo honetako gai guztiak Eusko Legebiltzarrean eratutako Bake Lantaldean eztabaidatzeko gonbitea luzatu die.