EAJk eta EH Bilduk Eudel "modernizatzeko eta eguneratzeko" akordioa lortu dute

Actualizado: martes, 9 febrero 2016 11:43

BILBO, 9  (EUROPA PRESS)

   EAJk eta EH Bilduk Eudel Euskadiko Udalen Elkartea "modernizatzeko eta eguneratzeko" akordioa lortu dute, elkartearen etapa berriari asiera emateko asmoz azken hilabeteetan izan dituzten elkarrizketak amaitutzat jo ondoren, eta erakundearen estatutuak eguneratzeari ekingo diote.

   Alderdi jeltzalearentzat, "denok parte hartuko duten udal mailako elkarte berriaren abiapuntua" izango da akordioa, eta koalizio abertzalearen arabera, "Eudelen baitan fase berri bat irekiko duen akordio politikoa" lortu dute.

   EAJk jakinarazi duenez, bi talde politikoen arteko elkarrizketa aurreko legealdian hasi zen eta, azken udal hauteskundeak tartean zeudelako amaitu gabe geratu ondoren, prozesuari berriz eutsi eta "onik ateratzea" lortu dute. Hauteskunde aurretik ezin izan zen akordioa adostu eta hauteskunde horien ondorioz Eudel erakunde barruan aukeratu ziren organoetan "ezin izan zen islatu EH Bilduk zuzentzen dituen udalek erakundearen egituretan parte hartzeko duten borondatea".

   "Orain, elkartea eguneratzen eta hobetzen duten estatutu berrietarako oinarriak adostu ondoren, erakunde barruan toki erakunde txikienei garrantzi handiagoa emango zaielarik, Euskal Udalen Elkartea egonkortzeko eta indartzeko ordua heldu da, EH Bilduri dagokion ordezkaritzaren araberako presentzia bermatuz", azaldu du Koldo Mediavilla EAJko EBBko idazkari eta Arlo Instituzionaleko burukideak.

   Bere iritziz, akordioak Eudel "normalizatzen eta finkatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko udalak ondoen ordezkatzen dituen erakundea den aldetik, eta iraganeko adostasunik eza apurtzen du, zorionez, gabezia hori gainditzea lortu dutelako".

   Akordioa "denok parte hartuko duten udalen elkarte berri baten abiapuntua" dela nabarmendu du. "Heldu da ezberdintasunak gainditzeko unea eta toki erakundeak elkarlanean hasi daitezen, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak indartzeko", gaineratu du.

   EAJren aburuz, "gehiengo edo gutxiengoetatik harago", EAEko udalek "toki erakundeen interes komunak aldeztuko dituen elkartea behar dute", eta, hori dela eta, erakundearen estatutu berriak onartutakoan, "barne hauteskunde prozesua egin beharko da zuzendaritza taldeetan aniztasun politikoa bermatze aldera".

   "Euskal udalek gaurko honetan ezagutzera ematen ari garen akordioa merezi dute, asko eta asko direlako udal hauek aurrerantzean gainditu beharko dituzten erronkak. Erronka hauen artean egongo dira, eta hala espero dugu, une honetan Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Udal Legetik eratorriko direnak. Eta espero dugu laster izango dela onartua, hogeita hamar urtetan Euskal Autonomia Erkidegoan esparru honetan araudirik gabe egon ondoren", esan du.

   Bi alderdien artean lortu den akordioak Eudelen estatutu berriak onartzea ekarriko du, eta bilkuran onartuak izan ondoren, testu berriaren arabera, Eudelen zuzendaritza organoak aukeratzeari ekingo zaio.

   Exekutiba berriak aukeratzeko prozesu horretan, EAJk adierazi du aniztasuna lehenetsiko duela "bakoitzak udaletan duen indarraren arabera izan ahalko duen ordezkaritzaren gainetik". Zentzu horretan, adierazi duenez, "EAJ prest dago sentsibilitate politiko guztiak alderdien adostasunarekin aukeratuko diren erakundeetan integratzeko, eta espero dugu adostasun hori Euskadin udal ordezkaritza duten talde guztiek partekatzea".

EH BILDU

   Bestalde, Eudelen udalen autonomian eta elkarlanean oinarritutako fase berri bat irekitzeko Estatutuen "sakoneko aldaketa" erdietsi izana nabarmendu du EH Bilduk. "Azkeneko urteetan emandako hausnarketa, eztabaida eta negoziaketen ondoren, EH Bilduk eta EAJk Eudelen baitan fase berri bat irekiko duen akordio politikoa lortu dugu", azpimarratu du.

   Koalizio abertzalearentzat, akordio honen bidez, udalen autonomiaren defentsan aritzeko oinarriak sendotu dira; udal txikien errealitateari hobeto aurre egiteko konpromisoa hartzeaz gain, bere ordezkaritza eta pisua areagotu da; euskararen barne eta kanpo erabileran urratsak emateko konpromisoak gauzatu dira eta Eudelen osaketan parekidetasuna bermatzeko bideak ere ireki dira. Bestalde, "Euskal Herriko gainerako udal eremuko eragileekin harremanak sakontzeko bideak" jarri direla nabarmendu du.

   Horrez gain, EUDELen baitan egingo diren txosten eta lan teknikoek herrien eskaera desberdinei erantzuteko bitartekoak jarrita geratu direla, eta barne funtzionamendu eta erabakitze organoak zabaldu eta akordioak bilatzeko bitartekoak ere jarri direla azaldu du.

   EH Bildurentzat, "oso argi" dago "herri honetan oraindik ere ibilbide luzea dugula herritarrengandik gertu dauden udal egitura sendo bat eraikitzeko". "Hala eta guztiz ere, akordio honen bidez, Eudel lan horretan jarraitzeko baliagarria izango den tresna izateko oinarriak jarri dira. Hemendik aurrera, alderdi politikoen kontroletik harago, udalen eskuetan geratuko den udal elkartea izango da Eudel. Filosofia horren baitan, eta defentsan, parte hartuko dute EH Bilduko ordezkariek Eudelen organoetan eta marko ezberdinetan", adierazi du.

   Horrela, datozen asteetan Eudelen estatutuen inguruan lortu den akordio honen inplementazioari ekingo zaio, bai eta zuzendaritza egitura berriak hautatzeko prozesuari ere. EH Bilduren eta EAJren artean gauzatu den akordioarekin, "udalek dituzten erronkei indar handiagoz aurre egiteko tresna berritua" dagoela nabarmendu du talde abertzaleak.

   Azkenik, "herri honekin, udalekin eta bereziki herritarrekin dugun konpromisoaren alde lanean jarraitzeko erabaki irmoa" berretsi du EHJ Bilduk, "udalak eta udalgintza indartuz eta norabide horretan, aurrera egiteko baliagarriak izan daitezkeen tresna politiko eta instituzionalak erabiliz".