EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, 24 eserlekurekin, eta Podemos bigarren litzateke, 18rekin

Eusko Legebiltzarra
Europa Press
Actualizado: martes, 16 febrero 2016 11:58

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak, 24 legebiltzarkide lortuta, gaur egun dituenak baino hiru gutxiago, lurralde bakoitzeko bana galduz. Podemos bigarren alderdia izango litzateke, 18n eserlekurekin, herrialde bakoitzean seina lortuz, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak aurkeztu duen Hauteskunde Autonomikoetarako Boto Aurreikuspenari buruzko txostenaren arabera.

   Halaber, EH Bilduk bigarren postua galduko luke, Podemosen mesedetan, eta 15 legebiltzarkide lortuko lituzke Gasteizko Ganberan, gaur egun 21 dituen bitartean. Horrela, lurralde bakoitzeko bina legebiltzarkide galduko lituzke.

   PSE-EEk zazpi eserleku galduko lituzke, egungo 16 legebiltzarkideetatik bederatzira igaroz, eta PPk zortzi ordezkari lortuko lituzke, gaur egungo hamarretatik bi galduta. UPyD alderdiak Araban duen legebiltzarkidea galdu eta Ciudadanosek irabaziko luke.

   Halaber, parte hartzea sei puntu igoko litzatekeela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak egindako txostenak, eta horrela, %70 ingurukoa izango litzateke. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra bitartean egindako 2.310 inkestatan oinarrituta osatu du txostena Jaurlaritzak.

HERRIALDEAK

   Bestalde, herrialde bakoitzeko emaitzei dagokienez, Araban, EAJk eta Podemosek seina ordezkari lortuko lituzkete, baina alderdi jeltzaleak bozen %22,1 izango luke, Podemosen %21,3ren aurrean. PPk bost eserleku izango lituzke, bozen %17,3rekin, eta EH Bilduk lau (%17,1). PSE-EE hiru legebiltzarkide izango lituzke (%11,8), eta Ciudadanosek bat (%5).

   Bizkaian, bozen %35,7rekin, EAJk hamar legebiltzarkide lortuko lituzke, eta bigarren indarra Podemos izango litzateke, bozen %19,9rekin eta sei ordezkarirekin. EH Bilduk lau eserleku izango lituzke, bozen %15,5ekin, PSE-EEk hiru (%11,6) eta PPk bi (%8,7).

   Azkenik, Gipuzkoan ere EAJk irabaziko luke, bozen %28,2 eta zortzi eserlekurekin, baina herrialde honetan bigarren alderdia EH Bildu izango litzateke, bozen %25,9 eta zazpi ordezkarirekin. Podemosek sei legebiltzarkide izango lituzke (bozen %21,1), PSE-EEk hiru (%12,8) eta PPk bat (%5,3).