Ebakuntza baten batez besteko itxaronaldia 50 egunekoa da Osakidetzan

Osakidetzako Galdakao-Usansolo Ospitalea
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 15 enero 2015 12:43
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

   Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak eta Osasun Arretako zuzendari Antonio Arraizak Osakidetzaren 2014ko ekitaldiaren amaierako jarduera datuak eta itxaron zerrenda aurkeztu dituzte gaur, Gasteizen, eta, beste datu batzuren artean, ebakuntza egiteko batez besteko itxaronaldia 50 egunekoa dela jakinarazi dute.

   Horrela, ebakuntza egiteko itxaron zerrendako paziente kopuruaren murrizketa eta murrizteko joera berresten duten datuak nabarmendu dituzte. Hala, 2014ko abenduaren 31n, 17.760 pertsona zeuden ebakuntza zain, 2013an baino 363 gutxiago eta 2012an baino 851 gutxiago.

   Datuen arabera, Osakidetza "ohiko kalitate parametroen baitan" dago, ebakuntza egiteko itxaronaldiak batez beste 50 egunekoa izaten jarraitzen baitu, alegia, Osakidetzaren 2011ko Hobekuntza Planean ezarritakoa (55 egun) baino bost egun gutxiago eta, Estatuko 65/2006 Dekretuak ezarritakoa (60 egun) baino hamar gutxiago.

   Zehazki, ebakuntza egiteko itxaron zerrendan dauden pazienteen kopurua %2 jaitsi da aurreko urteko ekitaldi amaierako datuaren aldean (guztira, 17.760 dira, 2013an baino 363 gutxiago eta 2014ko ekainean baino 1.843 gutxiago).

   Kontsultei dagokienez, lehen hitzorduaren zain dauden pazienteen kopurua %2,6 igo da, eta orain, batez besteko itxaronaldia 26,95 egunekoa da. Hala ere, pazienteen kopuruak behera egiten jarraitu du (3.413), 2012ko abenduaren aldean. Proba diagnostikoen itxaron zerrendan 2.502 pertsona gutxiago daude orain: 2013an baino %16 gutxiago. Batez besteko itxaronaldia %0,2 jaitsi da eta orain 8,6 egunekoa da.

   Bestalde, Lehen Arretak eta Arreta Espezializatuak elkarri egindako kontsulta ez presentzialen kopuruak gora egin du nabarmen: 48.488 kontsulta egin dira, 2013an baino %162,1 gehiago. "Igoera horrek agerian uzten du bi mediku maila horien arteko irisgarritasuna, pazienteari erantzutea eta soberako joan-etorriak ekiditea ahalbidetuz", adierazi dute.

   Lehen mailako arretako kontsultak, hala helduenak, nola pediatriakoak, 2013ko maila bertsuan geratu dira: %0,11 hazi dira familia medikuntzan eta %0,62 pediatrian. Guztira, 11.056.619 kontsulta izan dira. Lehen arretako kontsulta guztien %18,13 telefono bidezkoak izan direla azpimarratu dute (2.004.775), medikuaren eta pazientearen arteko harreman mota hau gero eta gehiago erabiltzen denaren seinale. Arreta emateko denborak aurreko ekitaldikoen baliokideak dira.

   Arreta espezializatuko kontsultak %2,2 hazi dira (2013an baino 87.969 gehiago) eta, guztira, 4.115.726 izan dira. Atal horri dagokionez, lehen arretako eta ospitale arretako profesionalek elkarri egindako kontsulta ez presentzialen gorakada nabarmena izan da, %162,2 hazi baita (2014an, 48.488 kontsulta, eta 2013an, 18.490).

   Bestalde, kontsulta ez presentzialak Osakidetzan "sendo errotuta" daudela adierazi dute. Biztanleen eskaria gero eta handiagoa da, eta datuak horren seinale dira: guztira, 2.149.085 arreta emate izan ziren 2014an, 2013an baino %6,8 gehiago. Arreta modalitate hori indartuko du errezeta elektronikoaren ezarpen erabatekoak. Mailaka, lehen arreta %6 hazi da, eta espezializatua, ostera, %18,3; azken hori, batez ere, pazienteen segimenduari dagokio.

LARRIALDIAK

   Larrialdi zerbitzu guztien jarduera kopuruak gora egin du, eta horrela, 393.352 dei hartu dira, 2013an baino %3,1 gehiago. Handiagoak izan dira hazkundeak mobilizatutako osasun baliabideei dagokienez: bizi euskarri aurreratua, %5,8; bizi euskarria erizainarekin, %5,1; oinarrizko bizi euskarria, %7,4; eta helikopteroa, %14,3.

   Osasun aholkuari dagokionez, jasotako kontsulta edo deien kopurua %6,4 jaitsi den arren, paziente kronikoen eta telemonitorizazioko segimenduaren harira eginiko deien kopurua %20 hazi da.

   Bestalde, ospitaleratze kopurua %3,2 hazi da (guztira, 250.378), eta batez besteko egonaldia, aldiz, jaitsi (4,68 egun). Larrialdietako jarduerak %2 gora egin du aurreko urtearen aldean (865.246tik 882.765era).

   Programatutako kirurgia arrunta, lan ordutegi normalaren barnekoa, %9 hazi da, eta aparteko ebakuntzak, lan ordutegi normalaz kanpokoak, %46,4 jaitsi dira (2013an 14.087 izatetik, 2014an 7.551 izatera igaro dira). Programatutako ebakuntzen kopuru osoa %2,1 hazi da. Kirurgia handi anbulatorioari dagokionez, Osakidetzak jarduera hori indartzeari eutsi dio eta dagoeneko kirurgia handiaren guztizkoaren %57,2 da.

   Ospitale birtualaren jarduerari dagokionez, ekitaldi honetako mailaren eta aurrekoaren artean ez dago ia alderik, hala etxeko ospitaleratzeetan, nola eguneko ospitale medikoko prozeduretan. Hala ere, kirurgia handi anbulatorioa %6 hazi dela nabarmendu dute.

BAHETZE PROGRAMAK

   Bestalde, bahetze programak biztanle guztiei eskainitakoak dira. Horrela, helburuko emakumeen %80,5ek parte hartu du bularreko minbizia garaiz detektatzeko programan, eta helburuko pertsonen %69,3k, berriz, kolon eta ondesteko minbizia detektatzekoan. Haurren hortzak zaintzeko programari dagokionez, gonbidatutako 182.329 haurren %66,7k parte hartu dute.

   Programa bereziei dagokienez, aurreko urtean hazi egin da ehunen eta hezur muinen emaileen kopurua eta, era berean, emaile biziko giltzurrun transplanteak eta hezur muin transplanteak ugaritu egin dira.