Eduard Wulfson biolinista letoniarrak errezitaldi bat emango du apirilaren 19an Victoria Eugenia Antzokian

Eduard Wulfson Donostian Izango Da Datorren Astean
DONOSTIA KULTURA
Actualizado: jueves, 14 abril 2011 19:58

DONOSTIA, 14 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eduard Wulfson biolin-jotzaileak Beethoven, Brahms, Ysaye eta Strauss-en piezak interpretatuko ditu apirilaren 19an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainiko duen errezitaldian. Saioa 20:00etan hasiko da, eta Wulfson-ek Ksenia Bashmet izango du lagun pianoan, Donostia Kulturak jakinarazi duenez.

Eduard Wulfson letoniarra Henryk Szeryng-en eta Yehudi Menuhin-en ikaslea da, eta dagoeneko biolin-jotzaile birtuosoenen maila iritsi du. Gainera, hari-tresnen fabrikazioaren historian espezializatua dago. Azken biretan, Europa osoan, Txinan eta Arabiar Emirerri Batuetan izan da.

Ksenia Bashmet errusiar piano-jotzaile gazteari dagokionez, ibilbide handi samarra egin du dagoeneko, eta CD bat du grabatua, Michael Nyman-en musikarekin.

Eduard Wulfson-ek hamar urte zituela eman zuen lehen kontzertua bakarlari gisa. Ordutik, hainbat sari irabazi ditu: Genoako Niccolo Paganini eta Zagrebeko Henryk Szeryng, eta Bavariako Arte Ederretako Saria. 1977tik, Londresen eta Parisen bizi da, txandaka.

Haren irakasle Yehudi Menuhin-ek 1984ko apirilean 'The Daily Telegraph' egunkariari adierazi zionez, Wulfson-en interpretazioak "errusiar tradizioaren ildorik onenean daude".

Wulfson irakasle ezaguna da, eta haren zenbait ikasle hasi dira jada bakarlari gisa beren bidea egiten. Gainera, espezialista da sokako tresnetan, eta Chicagoko Stradivari Society-ko europar ataleko lehendakaria da.

Bere emanaldietan, tresna bikainak erabiltzen ditu: 1702ko Stradivarius bat eta 1732ko Sanctus Seraphinus bat. Hainbat bira egin ditu Europan eta Amerikan, eta azken urteotan baita Asian ere: 2009an Txinan txalotu zuten, eta Arabiar Emirerri Batuetan ere jo du.

Ksenia Bashmet piano-jotzaile gaztea Moskuko Estatu Kontserbatorioan graduatu zen, eta Lev Naumov izan zuen irakasle han. Nazioartean zenbait sari irabazi ondoren, bakarlari gisa jo du Europa osoan, Amerikako Estatu Batuetan, Israelen eta Japonian, eta Julian Rachlin, Victor Tretiakov, Yury Bashmet eta Misha Maisky-ren laguntzaile izan da ganbera musikako emanaldietan.