Eduardo Casanovaren "Pieles" filmarekin hasiko da FANT 23 maiatzaren 5ean

"Pieles" Filmaren Eszena Bat
FANT
Actualizado: martes, 28 marzo 2017 11:47

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak antolatzen duen FANT zinemaldi fantastikoak maiatzaren 5ean inauguratuko du 23. edizioa, Eduardo Casanova antzezle eta zuzendariaren "Pieles" lehenengo film luzearekin. Campos antzokian 20:00etatik aurrera egingo den inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da, eta zinemagile madrildarra eta filmaren taldeko zenbait kide bertan egongo dira.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, "Pieles" fisikoki desberdina den jendearen istorioa da. Desberdintasun horren ondorioz ezkutatu, baztertuta geratu edo euren artean elkartu behar izan dute. Inork ez du nola jaio aukeratzen. Itxura fisikoak baldintzatu egiten gaitu gizartearen aurrean, guk aukeratu edo ez. Ideia hori landu zuen dagoeneko Casanovak "Eat My Shit" film labur txalotuan. Bertatik, Ana Polvorosak egin zuen pertsonaia berreskuratzen da, ahoaren lekuan uzkia duen neska gaztea.

Polvorosaren pertsonaiaren berezitasun fisikoa, filman ikus daitezkeen bitxikerien eta ohiz kanpoko egoeren adibidea da. Lanak desberdintasuna goraipatu nahi du, eta itxura fisikoak gizartean bizi dugun bizitzan duen eraginari buruzko gogoeta izatea ere bilatzen du.

Ana Polvorosarekin batera, antzezle taldean Carmen Machi, Jon Kortajarena bilbotarra, Candela Peña, Secun de la Rosa, Joaquín Climent, Itziar Castro edo Bilboko zinemaldia birritan bisitatu duen Macarena Gómez daude. Azken horrek, fantasiazko eta beldurrezko generoan garrantzia hartzen ari diren figurei ematen zaien Fantrobia Saria jaso zuen 2007an.

Pelikula pastel kolorean dago filmatuta, eta arrosa da protagonista nagusia, FANTen ikusteko aukera izan zen "La hora del baño" film laburrean Casanovak dagoeneko erabili zuen kolorea. Oraingoan, itxuragabetze fisikoak, maitasun eta etsipen istorioak, lamiaren buztana duen mutil gaztea, aurpegia erreta duen beste bat edo begirik gabeko neska izango dira Berlineko eta Malagako zinemaldietatik igaro den filma osatzen duten elementuak. Malagan, Epaimahai Gazteak emandako Sail Ofizialeko Film Hoberenaren Saria lortu zuen.