Eduardo Chillida eta bere garaikideak aztergai Frankfurteko Goethe Unibertsitatean

Chillida aztergai Frankfurten
Foto: CHILLIDA LEKU

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Etxepare Euskal Institutuarekin batera eratutako Eduardo Chillida Katedraren sorkuntzaren harira, Frankfurteko Goethe Universität-ek eskultorea bera, bere lana eta bere garaikideak ardatz izango dituen nazioarte mailako biltzarra antolatu du. Ekitaldia unibertsitate alemanaren mendebaldeko campusean egingo da, ostiraletik igandera, uztailaren 3tik 5era, "Forma-Materia-Espazioa: Chillida eta bere Garaikideak" izenburupean.

   Chillidak, sarritan, euskarriaren espezifikotasuna eta formaren metafisika nabarmentzen duen diskurtso artististiko eta filosofikoaren alorrean kokatzen zuen bere obra. Brancusi, Braque eta Giacomettiren lan artistikoaren izaera zuen eredutzat, eta Martin Heideggerrekin izan zuen harreman filosofikoari esker, "izate" infinitu propioa duen espazio ontologiko gisa ulertzen den espazio eskultorikoaren nozioa garatu zuen.

   Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, biltzarrak Chillidaren adierazpenetan oinarritutako ohiko interpretazioen inguruan berriz hausnartu nahi du, "estetika modernistaren etenik gabeko jarraipentzat hartu beharrean, salbuezpenezko irakurketa bat eginez", hots, garaikide dituen Donald Judd, Sol LeWitt eta  Anthony Caro artista minimalista eta kontzeptualen artean kokatuz.

   Biltzarraren kontzeptua Artearen Historiaren Institutuan garatu da, Goethe Unibertsitatean, Jon Wood (Henry Moore institutua, Leeds), Thomas Kirchner (artearen historiaren foro alemana, Paris) eta Carl Justi elkartearekin elkarlanean.