Eduardo Galeanoren omenezko kontzertu antzeztua ostegunean Bilbon

Eduardo Galeano zena
TOMAS BRAVO / REUTERS
Actualizado: lunes, 7 diciembre 2015 12:34

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren omenezko kontzertu antzeztu bat izango da datorren ostegunean, abenduaren 10ean, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturgunean, 19:30etik aurrera, sarrera librearekin. Proiektua Erre Arteka & Maskaradak zuzenduko dute, antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   "El mundo al revés. Homenaje a Eduardo Galeano" izeneko ikuskizuna, "mundu osoan ospea lortu zuen egilearen lanaren parte esanguratsuak gogoratzeko proposamena da". Eszenaren eta musikaren bitartez eskainiko den proposamena Galeanoren testuen aukeraketa zaindu batean oinarritzen da, abiapuntu gisa "El mundo al revés" lana hartuz. Testuak hainbat interpreteren bitartez entzun ahal izango dira.

   Horrez gain, soinu eta sampleatu trataera berriak jasoko dira, adierazpenerako potentziala handitu ahal izateko, eta zenbait musika tresnaren zuzenekoa ere gehituko da.

   Eszenifikazio proposamen horren ikuspegi presentzialari dagokionez, set eszeniko baten sorkuntzan oinarrituko da. Set horretan egongo dira partaideak: lau antzezle -bi emakume eta bi gizon- eta musikariak. Proiektua Erre Arteka & Maskaradak zuzenduko dute.

EDUARDO GALEANO

   Eduardo Galeanok (Montevideo, 1940 - Montevideo, 2015) 'Marcha' aldizkari mitikoa izango zenaren editore gisa hasi zuen bere kazetaritza ibilbidea 1960an. Uruguain 1973an izan zen estatu kolpearen ondoren atxilotu egin zuten eta Argentinara joan behar izan zuen.

   Hainbat belaunaldi markatuko zituen eta Uruguaiko, Argentinako eta Txileko diktadurek zentsuratu zuten "Las venas abiertas de América Latina" liburua argitaratu zuen. Lan horrek deskolonizazioaren ikuspegitik begiratutako Latinoamerikaren historia proposatu zuen, eta hori pentsaezina zen garai hartan nagusi ziren diskurtsoetan.

   1976an Videlaren heriotzaren eskoadroietan zigortuen zerrendan sartu zuten eta, ondorioz, berriro ere ihes egin behar izan zuen, orduan Espainiara. Bertan, "Memoria del fuego" trilogia idatzi zuen (Latinoamerikaren historiaren gainbegirada).

   1985ean Montevideora itzuli zen. Kazetari gisa egin zuen lanarekin batera narrazio lana ere egin zuen, beti ere konpromisoz betea eta gogoetarako deia eginez. Eduardo Galeanoren lanak pobreziaren eta miseria moral eta materialaren kontrako fronte komuna ezartzeko deia egiten du. Bere lanek genero ortodoxoak gainditzen dituzte, dokumentala, fikzioa, kazetaritza, azterketa politikoa eta historia uztartuz.

   Honoris Causa doktore izendatu zuten hainbat unibertsitatetan, besteak beste, Habanan, Salvadorren, Mexikoko Universidad Veracruzanan, Argentinako Córdobako Universidad Nacionalean, Buenos Airesekoan eta Mexikoko Guadalajarako Unibertsitatean.