Eduardo Mateok ostegunean jasoko du Antonio Beristain Ikerketa Biktimologikoaren VII. Saria

Publicado: martes, 21 noviembre 2017 16:42

DONOSTIA, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Kriminologiako Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Antonio Beristain Biktimologikoaren VII. Saria emango diote Fernando Buesa Blanco Fundazioko proiektu eta komunikazio arduradun Eduardo Mateo Santamariari. Ekitaldia ostegunean izango da, azaroaren 23an, 13:30ean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Carlos Santamaria Zentroko entzunaretoan, Donostian.

"La contribución del movimiento asociativo y fundacional a la visibilidad de las víctimas del terrorismo" izeneko ikerketa lanari esker jasoko du saria Eduardo Mateok, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Ikerlanak aztergai ditu "Espainian terrorismoaren biktimen defentsarekin, aitorpenarekin eta memoriarekin lotuta sortu diren egitasmoak". Hainbat elkartek eta fundaziok sortu eta abiarazi dituzten egitasmoak dira, "eta hasieran ETAren terrorismoarekin lotuta zeuden eta gaur egun terrorismo jihadistari ere erantzuten diote".

Gainera, ikertzaile sarituak azaldu duenez, "ikerlanaren bidez aztertu nahi da ea benetan biktimak agerian jartzeko balio izan duten erakunde horiek, terrorismoaren biktimentzako legeria espezifikoa onartzean abiatu diren ekintza ugariek, eta biktimak babesteko eta ordezkatzeko legezko organoek".

Eduardo Mateo (Gasteiz, 1977) Politikaren eta Administrazioaren Zientzietan lizentziatu zen EHUn. Ikasketa Politikoen diploma lortu zuen Bordeleko Institut d'Études Politiques zentroan, eta Europar Batasunaren Ikasketen graduondokoa Universidad Oberta de Catalunyan (UOC). Zenbait erakunde publikotan lan egin du, hala nola Gasteizko Udalean, Espainiako Senatuan eta Eusko Jaurlaritzan. 2013tik, proiektuez eta komunikazioaz arduratzen da Fernando Buesa Blanco Fundazioan. 2016-2017 ikasturtean EHUren "Esperientzia Traumatikoetako Biktimekin Lan Egitea" graduondoko berezko titulua egin du, bikaintasun aipamena lortuz.