EGA lortu ahal izateko izena emateko epea urtarrilaren 9an irekiko da

EGA azterketa egiteko gela prestatzen
IREKIA
Actualizado: jueves, 5 enero 2017 12:23

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratu ahal izateko izena emateko epea irekiko du datorren astelehenean, urtarrilaren 9an. 2017ko lehen deialdiari dagokion epea urtarrilaren 23ra arte egongo da zabalik, eta aurreko urteetan bezala, izen ematea on line egin beharko da, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-euskara/eu estekan.

Modu honetan, matrikula epea bukatu ondoren, onartuen behin behineko zerrenda otsailaren 10ean argitaratuko da, eta erreklamazioak otsailaren 16ra arte egin ahalko dira. Onartuen behin betiko zerrenda otsailaren 23an ezagutaraziko da. EGAren atariko proba otsailaren 25ean izango da, eta proba idatzia martxoaren 11n. Azkenik, ahozko proba maiatzaren 26an eta 27an eta ekainaren 2an eta 3an izango da.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, EGA eskuratzeko probetara aurkeztu nahi dutenek bete beharreko baldintza nagusia adinarekin lotutakoa da: 17 urte beteta izatea edo 2017an zehar betetzea (2000. urtean edo lehenago jaioak). Desgaitasunen bat duten azterketariek azterketa egokitzeko eska dezakete matrikula egitean. Probak Bilbo, Donostia eta Gasteizen egiten dira, eta Hezkuntza Sailak urtean bi aldiz egiten du EGA azterketara aurkezteko deialdia: urtarrilean lehena, eta uztailean bigarrena.

2017. urteko bi deialdiek "berrikuntza garrantzitsua" dakarte EGAra aurkeztuko diren azterketarientzat, eta horrela, proba idatzian hamar minutu gehiago izango dute idazlan luzea eta laburra egiteko.

EGAren helburua da ziurtatzea azterketa gainditzen duenak, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, C1 mailari dagokion gaitasuna duela euskaraz ahoz eta idatziz komunikatzeko. Horretarako, atariko probaz gain (aukera anitzeko testa), proba idatzia eta ahozko proba egin behar ditu EGA azterketara aurkezten denak.

2000tik, ALTE (Association of Language Testers in Europe) elkarte europarreko kide da EGA (hizkuntza gaitasuna aztertzen duten kideez osatutako Europako elkartea da ALTE). Bertan, EGA bezala, hizkuntzen azterketetan diharduten erreferentziazko hainbat erakunde biltzen dira, besteak beste, Cambridge University edo Trinity College ingeleserako, CCIP edo CIEP frantseserako, Cervantes Institutua gaztelaniarako, edo Goethe-Institut alemanerako.

Q KALITATE MARKA

2017ko lehen deialdia ALTEk EGA azterketari berretsi dion kalitate aitorpenarekin batera dator. Izan ere, ALTEk Q kalitate ikurra berretsi dio EGAri, elkarte horren auditoretza zorrotza berriro gainditu ondoren.

"Aitorpen garrantzitsua da hau EGA azterketarentzat, ongi egindako lanaren aitorpena. Honek esan nahi du EGA ziurtagiria eskuratzeko gainditu beharreko azterketa, bere prozedura guztian, ongi diseinatutako azterketa dela, hau da, neurtzen duen C1 hizkuntza maila ebaluatzeko egoki diseinatua, hasieratik bukaerara ongi planifikatua helburu horretarako, arbitrariotasun oro albora utziz", adierazi du Hezkuntza Sailak.

Modu honetan, EGAk ALTEren kalitate-parametroak betetzen dituela frogatu du eta elkartearen kide diren beste erakunde batzuen azterketen kalitate-maila baduela, adibidez, Cambridg University-k egiten duen Advanced azterketarena, edota Goethe-Institut-ek ematen duen Goethe-Zertifikat C1 ziurtagiria lortzeko azterketarena.