EGABek transexualei arreta osoa emateko legearen aurrepriektuari aldeko irizpena eman dio

Actualizado: jueves, 21 julio 2011 12:52

BILBO, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) aldeko irizpena eman dio Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak igorritako Pertsona transexualei arreta osoa emateko legearen aurreproiektuari. Agiria arau osoa izateko pentsatuta dago eta haren helburua pertsona transexualek Euskadiko gainerako herritarrek bezalako bizi baldintzak izatea da.

EGABek ontzat jo du aurreproiektuak bere helburuen artean Estatuko arauketa zabaltzea agertzea eta pertsona transexualei gainontzeko biztanleei bezalako arreta eskaintzea, baita euren osasun, psikologia eta bestelako premiei egokitua jasotzeko duten eskubideak bermatzea ere, bereizkeriaren aurkako neurriak hartzea ahaztu gabe.

Testuak aurrerapena dakar sexu nortasuna despatologizatzeko aldarrikapenean eta pertsonen generoaren adierazpen askea oinarrizko eskubide onartzeko bidean.

GOMENDIOAK

Bere irizpidean, organo aholku-emaileak aurreproiektuaren azken esanahia ahultzen duten hitz eta adierazpen batzuen erabilera argitzea gomendatu du EGABek.

Horri dagokionez, agiriaren izenburua aldatzeko aholkua eman du, EGABen iritziz, "arreta osoa" esamoldeak osasun eskubideetara mugatzen duela ematen baitu, eta ez dugu ahaztu behar beste eskubide batzuk ere aldarrikatzen zaizkiela. 'Diskriminazio positiboa' esamoldeari dagokionez, gomendioa 'egintza positiboa' esamoldea erabiltzea da, Europako araudiaren jarraibideei jarraituz.

Horretaz aparte, Batzordeak ohartarazi du 'genero' eta 'sexu' hitzen erabilerak dakarren nahasmenak ziurgabetasun juridikoa sor lezakeela. Arazoa EAEn 'bizi dena' esamoldeari dagokionez ere errepikatzen da, hori erroldatzea erabilita argituko litzateke, hots, "bizi den" pertsona esan beharrean, "erroldatutako" pertsona esanez.