EGAk Association of Language Testers in Europe elkartearen Q kalitate ikurra berretsi du

Actualizado: lunes, 2 enero 2017 11:38

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Association of Language Testers in Europe (ALTE) elkarte europarrak Q kalitate ikurra berretsi dio Euskararen Gaitasun Agiriari (EGA), elkartearen "auditoretza zorrotza" berriro gainditu ondoren. EGAk 2011n erdietsi zuen ikur hori lehen aldiz, eta oraintsu auditoretza berriro gaindituta, 2021era arte izango du aitorpena indarrean. Horrela bada, EGA da mundu mailan, eta euskararako, kalitate maila hori aitortua duen ziurtagiri bakarra, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Iturri horien arabera, "aitorpen garrantzitsua da" EGA azterketarentzat, "ongi egindako lanaren aitorpena", eta esan nahi du "EGA ziurtagiria eskuratzeko gainditu beharreko azterketa, bere prozedura guztian, ongi diseinatutako azterketa dela, hau da, neurtzen duen C1 hizkuntza maila ebaluatzeko egoki diseinatua, hasieratik bukaerara ongi planifikatua helburu horretarako, arbitrariotasun oro albora utziz".

"Gainera, frogatuta utzi du EGAk ALTEren kalitate parametroak betetzen dituela eta elkartearen kide diren beste erakunde batzuen azterketen kalitate maila baduela, adibidez, Cambridg University-k egiten duen Advanced azterketarena, edota Goethe-Institut-ek ematen duen Goethe-Zertifikat C1 ziurtagiria lortzeko azterketarena", azaldu du Jaurlaritzak.

ALTEren Q kalitate ikurra lortu ahal izateko, elkarteak bere bazkideen lana ikuskatzen du, ahalik eta azterketa ekitatiboenak egin ditzaten, bakoitzak duen helbururako eta populaziorako. Bere bazkide diren erakundeen azterketen kalitatea neurtzeko, auditoretza-sistema ezarria du elkarteak. Auditoretzan zehar, prozedurak zorrotzak dira eta xehetasun guztiei arretaz erreparatzen die. Horretarako formulatu ditu ALTEk erakundeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak (Minimum Standards). Guztira, 17 estandar dira, bost ataletan antolaturik, eta guztiak bete behar dira azterketen kalitatea frogatzeko, eta EGAk egin duen legez, Q kalitate ikurra lortzeko.

AZTERKETEN OSAGAIAK

Azterketen osagai guztiak hartzen dituzte aintzat ikuskariek: azterketaren eraikuntza (azterketaren oinarri teorikoa eta testuingurua, helburua, azterketaren materialak eta atazak, eta abar), azterketa eguneko prozedurak (azterketa zentroak, segurtasuna, inprenta lanak, eta abar), probak zuzentzeko prozedurak (zuzenketa egokia eta fidagarria izan behar da eta baita aztertzaileak ere), harremanak erabiltzaileekin (informazioa ematean, notak argitaratzean, desgaitasunak dituzten azterketarien trataeran eta abar) eta, azkenik, prozesu osoa egokia dela frogatzeko egiten diren analisiak eta ikerketak.

ALTEko kide izanik, EGAk gutxieneko estandar horiek betetzeko konpromisoa du eta horren arabera jokatzen du deialdi guztietan. Horrez gain, ALTEren jokabide kodea ere bere egin du EGAk, jokaera etikoa azterketaren ziklo osoan zainduz. ALTEko kide diren erakundeek erakutsi behar dute oinarrizko kalitate mailara heltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzeko gai direla auditoretza egiten duten lehen aldian.

Hortik aurrera, hau da, bost urte geroago hurrengo auditoretza dutenean, erakutsi behar dute lortutako maila horri eusteko baino gehiagorako ere gai direla. "Ezinbestekoa da azterketa sistema hobetzen jarraitzea, etengabe", nabarmendu du Jaurlaritzak.

Etengabe hobetzen segitzeko lan filosofia eta konpromiso horri jarraiki, EGA azterketak azken urteetan zenbait hobekuntza barneratu dituen bezala (atariko proba laburragoa egiten da orain, 85 itemeko testa beharrean 65ekoa eginez; ahozko azterketak grabatu egiten dira), 2017ko deialdiek ere badakarte berrikuntzarik: proba idatzia egiteko denbora tartea luzeagoa izango da, hots, idazlan luzea eta laburra egiteko hamar minutu gehiago eskainiko dira.

ALTE

ALTE hizkuntza gaitasuna aztertzen duten kideez osatutako Europako elkarte bat da. Bertan, EGA bezala, hizkuntzen azterketetan diharduten erreferentziazko hainbat erakunde biltzen dira, besteak beste, Cambridge University edo Trinity College ingeleserako, CCIP edo CIEP frantseserako, Cervantes Institutua gaztelaniarako, edo Goethe-Institut alemanerako. Sortu zenean, 1989an, hamar kide ziren; gaur egun berriz, 22 herrialdetako 31 erakundek osatzen dute. Europako 24 hizkuntza biltzen ditu.

Arreta berezia eskaintzen die ALTEk azterketaren erabiltzaileei eta agirien erabilgarritasunari, ebaluazioa egokia eta justua izan dadin. Horrez gain, Europako Kontseiluaren Hizkuntza Politikarako Ataleko aholkularia ere bada, hainbat proiektu bultzatuz.

EGA azterketa ALTE erakundearen kide da 2000tik. Urte bat geroago Europako Erreferentzi Marko Bateratua (EEMB) onartu zen. Tresna horri esker, Europako hizkuntzak parametro konparagarrien arabera neurtu daitezke. EGA Marko Bateratuko C1 mailaren parekoa da, hau da, eraginkortasunez komunikatzeko gai den erabiltzailearen maila.