EAEn I+G+B, lehiakortasuna eta garapen iraunkorra sustatzeko 353 milioi euro

Berrikuntza sustatzeko laguntzak
FACEBOOK
Actualizado: miércoles, 21 junio 2017 12:24

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2014-2020 aldirako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) programa eragilearen laugarren jarraipen batzordea egin da asteazken honetan Donostian. Programaren garapen aldi osorako, guztira, 352,9 milioi euro bideratuko dira EAEra, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

EGEFen komunitate laguntza zenbateko osoaren %50 izango da. Gastuaren zati handiena, 157 milioi euro, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzeko bideratuko dira. Horretarako, enpresen I+G+B inbertsioak laguntzeko programak abiatuko dira, Jaurlaritzak edo foru aldundiek garatuta. Beste lan ildo batera gastuaren %26 bideratuko da, eta sektore guztietan karbono gutxiko ekonomiarantz egitea du ardatz.

Halaber, baliabide horiei esker, beste ekintza batzuk garatzea bilatzen da, hala nola IKTen erabilera eta kalitatea hobetu eta horiek erabiltzeko aukerak sustatzea, ETEen lehiakortasuna hobetzea, klima aldaketara egokitzea eta arriskuen prebentzioa eta kudeaketa sustatzea, ingurumena kontserbatu eta babestea eta baliabideen eraginkortasuna sustatzea.

Bileran Euskadiren kokapena eta erronkak aztertu dira, Eskualdeko Lehiakortasun Indizean duen kokapenaren arabera; Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren (RIS3ren) aplikazio-egoera aurkeztu da; 2016 urterokoaren aurrerapen bat garatu da eta, horretarako, programa eragilean parte hartzen duten herri administrazioek egin beharreko programa eta ekintzak jaso dira; Programa Eragilearen Ebaluazio Plan Komun eta Berariazkoen aurkezpena eta aurrerapena egin da.

Azkenik, "Operazioak Hautatzeko Irizpide eta Prozedurak" dokumentuaren bertsio berri bat aurkeztu da onarpena emateko, baita "Programaren Komunikazio Estrategia" dokumentuaren bertsio berri bat ere.

Jarraipen batzordearen presidenteak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza eta Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Funts Komunitarioen Zuzendaritza Nagusia dira. Batzorde horretan Europar Batzordeko Eskualde Zuzendaritza Nagusiaren ordezkaritzak ere parte hartzen du.

Programa eragileen bitartez, Europar Batasunak, modu programatu eta urte anitzetan, estatu kideak eta Europako eskualdeak laguntzen ditu, komunitate jardueretarako hainbat alorretan. EAEko 2014-2020 EGEF programa eragilearen kasuan, komunitate jarduera Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez finantzatu daitezkeen ekintzen laguntzan zehazten da.