Egiako bidegorriak udal eta foru bidegorri sareen arteko lotura hobetuko duela dio Donostiako Udalak

Actualizado: viernes, 24 julio 2015 14:12

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzi delegatu Pilar Aranak jakinarazi du Egiako bidegorriaren obrak berehala hasiko direla. Proiektuak bi adar dituela eta udal bidegorrien arteko lotura hobetuko duela nabarmendu du, baita udal eta foru bidegorri sareen arteko lotura ere.

   Horren harira, Egiako bidegorriaren beheko adarrak Gros, Duque de Mandas, Egia eta Loiola eta Martutenera bideko zubia lotuko dituela azaldu du, eta, ondoren, Urumearen ertzetik doan bidegorritik Astigarragara eta Hernanira doan foru bidegorri sarearen barruan daogenarekin lotura izango duela.

   Gainera, Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzi delegatuak azaldu duenez, Tabakalerarekin -bertan, aurreikusita dago Duque de Mandas eta Cristina Enea parkearen sarreraren ingurua hobetzea-, Atotxako autobus geltoki berriarekin eta egungo tren geltokiarekin eta etorkizuneko AHTaren geltokiarekin ere lotura izango duela iragarri du.

   Egia kalean bidegorria errepidetik joango da eta, ondorioz, Egia kaleko 5 zenbakiaren parean semaforoa jarriko da, autobusei irteera errazteko eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko. Halaber, Loiolara jaisteko zein Loiolatik Egiara igotzeko bidean, bidegorria norabide bakarrekoa izango da eta norabide bakoitzaren eskuinaldean egongo da.

GOIKO ADARRA

   Bestalde, bidegorriaren goiko adarrari buruz, Aranak zehaztu du Egia auzoko goialdea, Intxaurrondo (Iparra eta Hegoa) eta Ametzagaina parkea lotuko dituela. "Horrenbestez, Egia auzoko goiko aldetik ateratzen den edonork txirringarekin udal eta foru sareetako bidegorriez baliatuta, Pasaiara, Errenteriara eta Oiartzunera joateko aukera izango du", azaldu du.

   Aranak, orobat, esan du, bi adarrek ez dutela loturarik izango Ametzagaina kaletik, eta segiako arrazoiak eman ditu: "Nagusienak mugikortasuna eta segurtasuna dira. Izan ere, baldin eta Ametzagaina kaletik bidegorria sartzen badugu, trafikoa kaltetuko du eta txrrindularientzako oso arriskutsua izango da, kalea oso estua baita eta malda handia baitu. Horrek, ezinezkoa egiten du bidegorria bertatik sartzea, trafiko publiko zein pribatuari kalte handiak sortu gabe".

   Horrenbestez, Karmengo Ama kalea (jaisteko) eta Ametzagaina kalea (igotzeko) 30 gune izatera pasako direla iragarri du. Dena dela, gogorarazi du bide arruntetik bizikletarekin ibili daitekeela.

   Azkenik, Aranak gogorarazi du Donostiako Udala "etengabe" ari dela mugikortasun jasangarriaren alde egiten eta, horren helburua dela hiritarren bizi kalitatea hobetzea. Hortaz, azpimarratu du bi bidegorri zatien helburua dela bizikletaren erabilera sustatzea hiriko garraio bezala, betiere, mugikortasun jasangarria bilatuz, garraio mota ez kutsakorren erabilera sustatuz, eta bide segurtasuna hobetuz.